Eibarko Kezka dantza taldearen aterpean sortu zuten bost lagunek Emepebost taldea, 2011. urte inguruan. Bazkalosteak alaitze aldera sortu zena musika talde bilakatu zen ia oharkabean, eta aktibo jarraitzen dute gaur ere. Hiru eibartarrek eta bi mallabitarrek osatzen dute taldea: Unai Txurruka –trikitia, baxua eta teklatua–, Luken Aranburu –gitarra elektrikoa, baxua eta ahotsa–, Ekhi Zugasti –saxoa, gaita, txirula eta ahotsa–, Aiert Ibarbia –bateria eta ahotsa– eta Josu Garate –ukelelea, gitarra espainola, alboka eta ahots nagusia–. Sanbartolomeetan Maalako parkea dantzan jartzea dute helburu.
Gazte Asanbladaren 40. urteurrena ospatzeko egunean joko duzue Gune Askean. Nola hartu duzue gonbita?
Ilusio berezia egin digu proposamenak. Izan ere, taldea sortu genuenean Elgoibarko gaztetxean eman genuen lehenengoetariko kontzertua, eta oroitzapen oso onak ditugu. Atzera begirako moduko bat izan da hau, eta oroitzapen politak ekarri dizkigu gogora. Galdetu ziguten ea Elgoibarko festetan jotzeko moduan egongo ginen; jakina, dagoeneko ez gara lehen bezala libre zeuden gaztetxoak. Taldekide bakoitzak bere ardurak ditu, baina egun horietan Elgoibarren egoteko aukera genuen. Konfirmatu ziguten kontzertua, eta oso pozik hartu dugu gonbita. Gogotsu eta ilusio handiz gaude Elgoibarren jotzeko. Ikusita nola eta nondik etorri den eskaria, berezia izan da dena, eta poz handia eman digu.
Noiz eta nola sortu zenuten taldea?
2010-2011. urte inguruan izan zen. Taldeko kideak Kezka dantza taldeko dantzariak gara, eta dantza taldearen dinamikan sortu genuen taldea. Dantza taldeko afari bat egin genuen, eta afalostea girotzeko batu ginen bost lagunok. Batak gitarra, besteak soinua, perkusioa... horrela prestatu genituen bospasei kantu, eta horixe izan zen gure lehenengo emanaldia.
Taldearen izena nondik dator?
Bost kide gara, eta horrekin dauka lotura, baina badauka beste istorio bat ere atzean: lehenengo aldiz batu ginenean entseatzeko, Eibarko jatetxe txinatar batera joan ginen afaltzera, eta garai hartan halako jatetxeetan egoten ziren birentzako, hirurentzako edo laurentzako menuak. Gu bost ginen, eta menú para cinco beharko genukeela aritu ginen esaten. Ez genion taldeari gaztelaniazko izenik jarri nahi, jakina, baina horrek eman zigun hasierako ideia. Hasi ginen gero MP3 zela audiorako, MP4 bideorako, eta gu hori baino gehiago izango ginela, eta hortik etorri zen Emepebost izena.
Zein helbururekin sortu zen Emepebost?
Guretzako hobby bat izan da beti, eta sekula ez dugu hartu derrigorrezko lan bat balitz moduan. Hitzorduren bat geneukan bakoitzean, beti errespetatu izan ditugu taldekideon beharrak, eta beti moldatu izan gara gure beharretara. Oso harreman ona daukagu, lagunak gara eta beti topatzen dugu aitzakiaren bat elkartzeko, entseatzeko eta kontzerturen bat emateko.
Akaso, derrigortasunik eza izan da hainbeste urte irautearen sekretua?
Bai, nik uste dut hori izan dela gakoetako bat. Erromerien mundua oso zoroa da; herri honetan jai asko ditugu, eta, nahi izanez gero, jairik jai kontzertuak emateko aukera zabala da. Leku askotatik deitzen ziguten, eta, nire ustez, gaur egun ere izango genuke errubera horretan sartzeko aukera. Baina guk ez geneukan taldea modu horretan hartzeko asmorik, horri arriskua ikusten genion. Konpromiso handia eskatzen du horrek, eta tentsio egoerak sortu ditzake, eskatzen duelako denok taldeari lehentasun maila bera ematea, eta hori zaila da. Sasoi batean, eman genituen bi-hiru kontzertu asteburu berean, eta horrek poza ematen du, batetik, baina, bestetik, nekea dakar. Beste gakoetako bat disfrutatzea da, eta guk eszenatoki gainean izugarri gozatzen dugu. Oso ondo pasatzen dugu, bai entseguetan eta baita kontzertuetan ere. Publikoa martxan jartzen dugunean sortzen den harremana izugarri gustatzen zaigu. Nolabait esateko, jendeak ondo pasatzearen arrazoia gu izateak asko betetzen gaitu. Konturatu ginen gu betetzen gintuen hori lortzeko ez geneukala jairik jai eta kontzertuak eman eta eman jardun beharrik. Poza eta gozamena izan zitekeen hori beste kolore bateko sentimendu bilakatu zitekeela iruditzen zitzaigun, eta ez genuen nahi. Ondarroan esaten duten moduan, ze nezesidade horrela ibiltzeko, ezta?
Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?
Erromeria talde moduan definitu izan gaituzte, baina gure bateria joleak rockmerixa berba asmatu zuen, eta guk hitz horrekin definitzen dugu egiten dugun musika. Gure musika-errepertorioa oso kuriosoa da. Bospasei kanturekin hasi ginen, eta poliki-poliki joan ginen errepertorioa zabaltzen. Beti izan dugu argi euskaraz funtzionatuko genuela eta euskaraz abestuko genuela. Guretzako euskara inportantea da. Dantzan ere euskal dantzak egiten ditugu, eta euskaraz eta euskaratik kantatu behar genuela argi geneukan hasieratik. Horrek eraman gaitu beste talde batzuen bertsioak egiten ditugunean euskarazko berbak jartzera. Baditugu ingelesetik euskaratutako hainbat kanta, eta umorezko hitzak jarri izan dizkiegu. Gure errepertorioan bestsellerra-edo Europe taldearen The final countdown kantuaren bertsioa da. Hori izan zen euskaratu genuen lehenengo kanta ezaguna, eta Bizikletia kandau izenburua jarri genion. Gure taldearen ereserki bilakatu da. Estilo horretan ditugu abesti batzuk, eta, horrez gain, erromerietan falta ezin diren beste pieza batzuk ere jotzen ditugu, eta modako kantaren bat ere beti egoten da. Baina konplexurik gabe esaten dugu, gu betetzen gaituzten kantak jotzen ditugu kontzertuetan. Guri zer gustatu, hura jotzen dugu. Sinistuta gaude guk disfrutatzen badugu publikoak ere disfrutatzen duela. Dantzariak garenez, kantatzeko ez ezik, dantzarako balio duten doinuak ere jotzen ditugu, plaza dantzak deitzen diren horiek. Erromeriak horretarako dira, kantatu eta dantzan egiteko. Errepertorio koloretsua eskaintzen dugu.
Orduan, publiko zabalarentzako eskaintza daukazue, ezta?
Bai, hori ere gure ezaugarrietako bat da, eta harro sentitzen gara horretaz. Orotariko publikoarentzako musika egiten dugu, familian gozatzeko modukoa. Talde batzuek, askotan, musika egiten dute umeentzat, gazteentzat edo helduentzat, baina gure errepertorioak publiko zabala hartzen du. Gure emanaldietan umeek gozatzeko momentu batzuk daude, eta baita haien gurasoek gozatzekoak ere. Tarteka, umeen gurasoen garaiko kantuak sartzen ditugu, eta horrek beste garai batera eramaten gaitu guztiok.
Instrumentu aldetik ere badituzue erromerietan oso ohikoak ez direnak. Horrek ere laguntzen du soinu bereziak eskaintzen?
Bai, ukelelea, alboka eta halakoak sartzen ditugu; normalean, soinu-teknikariak zoratu egiten ditugu! Ez gara profesionalak, baina, gure amateurtasun horretan, gustatzen zaigu soinua ondo entzun dadila. Soinu polita sortu nahi dugu, eta gure ardura nagusienetakoa izaten da ondo entzutea jotzen ari garena. Azken batean, gozatzea gustatzen zaigu, eta, horretarako, soinu polita sortzea ezinbestekoa da. Probatzea eta katxarreatzea gustatzen zaigu, eta, oinarrizko instrumentuez gain, tarteka beste batzuk sartzen ditugu. Alegia, oinarrizko instrumentuez gain, beste katxarro batzuk ere sartzen ditugu. Agertzen da ukelelea, alboka edo trikitia.
