Felipe Belgikan jaiotakoa da, baina Granadan bizi da duela hamabost urte baino gehiagotik. 44 urte ditu eta bere bizitza bizimodu modernoari uko egin dion pertsona baten lekukotza da.
Feliperen bizitza ez da beti izan kale-marrazkigile baten existentzia aske eta nomada. 2009. urtera arte, bere jaioterrian, Belgikan, logistika alorrean eta finantza-enpresa handietan egiten zuen lan. Soldata bikaina zuen, baina prezio garestiegia: muturreko estresa, etengabeko tentsioa eta denbora falta. Hogeita zazpi urte zituela, bizimodua erabat aldatzea erabaki zuen: lana bertan behera utzi eta bere benetako pasioari heldu zion berriro, marrazketari. Bizikleta bat hartu eta Granadara joan zen, Alhambrari zion miresmenak bultzatuta. Han, Alhambra marraztuz atera du bizimodua.
Artea, bitartekaririk gabe
Gaur egun, Granada da bere "etxe" eta babesleku nagusia eta Alhambra margotuz ateratzen du bizimodua. Bere buruaz dio ez dela batere langilea, eta siesta egitea eta ahalik eta gutxien lan egitea duela helburu. Halere, bere burua pribilegiatutzat du, jendeak bere lana miresten duelako eta egunero “berba ederrak” esaten dizkiotelako, Belgikan ez bezala: "Nire herrialdean inori ez zaio inporta nor zaren, jendeari bere burua bakarrik axola zaio eta inork ez dizu galderarik egiten".
Felipek artea eta bere sormen-lana ulertzeko modu propioa du, “kapitalismoaren logikatik kanpo”. Hala, bere jatorrizko marrazkiak galerietan eta garestiago saldu baino nahiago du zuzenean saldu edo oparitzea, “gehien merezi dutenei”. Bere filosofiak helburu sakon eta gizatiarra du: "Bizitza honetan zentzua duen gauza bakarra besteen sufrimendua arintzea da, haien zama pixka bat arintzea. Norbait tarte batez entretenitu eta bere arazoak ahaztea lortzen baduzu, bada zerbait".
Euskal Herrian “seguru”
Soraluzera ailegatu aurretik, Felipek trenez egin zuen Gasteizerainoko bidea, eta handik bizikleta elektrikoarekin abiatu zen Debabarrenerantz. GPSrik gabe bidaiatzen du, iparrorratz batekin.
Lehenago ere izana da Euskal Herrian eta oso inpresio ona du herrialde hontaz: "Hemen errepide, zerbitzu publiko eta azpiegitura bikainak daude eta batez ere, komunitate-sentimendua eta errespetua dago hemen. Hau da kalean marraztuz seguru sentitzen naizen leku gutxietako bat", adierazi du.
Feliperen bihotza zaurituta dago, maiteminez. Izan ere, bere maitasunaren berri ematera joan zen Gasteizera, bertan bizi den neska batengana baina harek ez du korresponditu: "Maitasunean garaitua izan naiz, negarrez etorri, maitasun ez korrespondituak min ematen baitu". Ostera, Feliperentzat sentimendu indartsu horiek lanerako elikagai dira: "Minarekin edo maitasunarekin hobeto margotzen da, biak dira musa eta sentiberatasun handiagoa ematen dute". Bere buruaz dio zaila dela berarekin bizitzea: "Ez dut sosik, asko erretzen dut eta oso zaharra naiz".
Bere pintzelak eta iparrorratza lagun, Felipe Soraluzetik Debara bidean da, bere marrazkiekin jendearen eguneroko zama pixka bat arindu asmoz.