Elgoibarrera iritsiko da bihar, asteazkena, irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen protesta-martxa

Ainara Argoitia Arano

Adostuz elkartekoak, gaur, Bilbon.

Irakaskuntza publikoko 4.545 bat irakasle jubilatuk osatzen dute Adostuz elkartea eta erretiro aurreratuagatiko kalte ordaina eskatzeko batu dira. Eusko Jaurlaritzari lan hitzarmena bete dezala eskatzeko, bizikleta martxa abiatu zuten joan zen domekan Gasteiztik, eta biharko etapan, Bilbotik Azpeitirako bidean, Elgoibartik pasatuko dira. Hilaren 13an dute martxa amaitzekoa, Gasteizen.

Salatu dute 2012tik ez dietela lan hitzarmenean ezarrita dagoen jubilazio aurreratuagatiko kalte ordaina ordaintzen eta, Diru-Aurrekontuen Legea erabilita, lan hitzarmenaren atal bat bertan behera laga nahi duela orain Jaurlaritzak.  Zehaztu dutenez, 2012an Legebiltzarrak eten egin zuen ordainketa hori Diru-Aurrekontuen Legea baliatuta, baina ez zuen ezabatu eta indarrean jarraitzen zuen eurek erretiroa hartu zutenean. "Etenda dagoenez, ez digute ordaindu nahi. Horrela, praktikan, etetea ezabaketa bihurtu nahi dute", nabarmendu dute horren harira.

2012. urtetik ari dira irakasle jubilatuak borrokan, eta aipatu dute tarte horretan Legebiltzarrak birritan adostu duela atal hori  ordaintzea, baina EAJk eta PSE-EEk ez dutela agindutakoa bete nahi. Modu horretan, Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa bertan behera lagatzeko modua topatu duela salatu dute, eta gehitu horrek ziurgabetasun egoeran laga dituela bai negoziazio kolektiboa eta bai sindikatuen lana. "Diru-Aurrekontuen Legea ezin da lan hitzarmena bertan behera uzteko erabili. Horrela jokatzea negoziazio kolektiboaz trufatzea da", azpimarratu dute. 

Era berean, gogorarazi dute aurrejubilazioak sustatzeko beste arlo askotan ordaintzen direla kalte ordainak, aurrejubilatzeak kalte ekonomikoa eragiten duelako: "Gure indemnizazioak lanpostua uzteagatik kalte ekonomikoa ordaintzeko dira, gainontzeko arlo ekonomikoetan egiten den bezala".  Aurrejubilazioei esker, Jaurlaritzak "diru asko aurreztu" eta langile taldea berritzeko aukera izan duela esan dute, eta hala, hezkuntza-birmoldaketa beren aurrejubilazioen kontura egin izana egotzi diote Jaurlaritzari.  "Langilegoa berritzeko eta gaurkotzeko aukera ez ezik, Eusko Jaurlaritzak dirutza aurreztu du, langile berriek ez baitute antzinatasunagatik ezer jasotzen".