Urte askoan Bordatxo taberna izan zenean dago Ceviche, Peruko gastronomia eskaintzen duen jatetxea, eta Gurrutxagak haren terraza edo parkean emango du kontzertu bikoitza. Lehenengoan bera bakarrik arituko da, 14:30etik aurrera. 60ko eta 70ko hamarkadetako musika instrumentalean oinarritutako saioa izango dela aurreratu du. The Shadows, The Ventures, Surfarisen edo surf-rock estiloaren aitzindari izan zen Dick Dale musikariaren abestiak joko ditu. Era berean, filme eta serietako kantak ere interpretatuko ditu, beste hainbat talde ezagunen abesti esanguratsuenekin batera, besteak beste, The Rolling Stones, The Animals edo Beatles taldeenak. Hori bai, melodia gitarraren bidez sortuko du ahotsarekin beharrean. "Surf eta Blues estiloetako kantak izango dira nagusiki, baina baita Honky Tonk estilokoak ere, edo zergatik ez, baladatxoren bat ere sartuko dut", esan du.
Lehiaketa
Emanaldiak berezitasun bat izango du: ikusleek parte hartzea nahi du musikari elgoibartarrak, haiek abestiak ahal eta lasterren identifikatzeko duten gaitasuna proban jarriz. Horretarako lehiaketa modukoa egingo du, Kahoot sistemaren pareko bat erabiliz. Aplikaziorik instalatu beharrik gabe, parte hartzeko mugikorretik web orrialde batean sartzea nahikoa izango dela azaldu du, "kode bat eta ezizen bat sartuta nahikoa izango da parte hartzeko eta ziur ondo pasako dugula, eta sariren bat ere egongo da irabazlearentzat".
Bigarren saioan laguntzarekin
Egunean emango duen bigarren saioan Alex Martinez Carpio izango du lagun Gurrutxagak. Saxofoia eta zeharkako flauta jotzen dituen musikari kataluniarra da Martinez Carpio, eta horiez gainera, handpana egin (Gasteizko Mercury Handpans-en) eta joten ditu. Metalezko perkusio-instrumentu melodiko bat da handpana, soinu sakon, hipnotiko eta lasaitzailea duena eta itxura oso berezikoa, espaziontzi baten antza baitu.
Gurrutxagak eta Martinez Carpiok diska bat kaleratu berri dute Eibarko Rythmachin Funky taldearekin.
Eguneko bigarren saio horretan lehenengoko saioko estilo bereko kantak joko dituzte, baina modernoagoak". 19:30ean hasiko dute emanaldia.
