Makis 37 Ermua eta Elgoibarko taldea Pintor Rock jaialdiak antolatutako talde emergenteen lehiaketako final-laurdenetara iritsi da. Zortzirenak gainditu ostean, taldeak aurrera egiteko aukera du orain, baina horretarako publikoaren botoa beharko dute. Bozketak gaur, irailaren 9an, daude zabalik Pintor Rockeko Instagram kontuko storyetan (bozkatzeko egin klik hemen).
Lehiaketaren fase honetan, taldeak buruz buru ari dira lehian, eta publikoak erabakitzen du zein taldek egiten duen aurrera. Bozketek 24 orduko iraupena dute, eta boto gehien jasotzen duen taldeak finalerdietarako txartela lortuko du. Beraz, gaurko eguna erabakigarria izango da Makis 37rentzat.
Lehiaketako irabazleak Pintor Rock jaialdian zuzenean jotzeko aukera izango du, urriaren 29an. Horrez gain, 500 euroko saria eta jaialdiaren hiru egunetarako pasea ere jasoko dituzte taldeko kide guztiek.
Taldekideek azaldu dutenez, duela lau hilabete inguru aurkeztu ziren lehiaketara, ezer espero gabe, baina lehiaketan aurrera egiten jarraitzea ilusioz bizi dute.
Pintor Rock, rock musikaren erreferentea
Pintor Rockek 15 urte daramatza punk eta rock eszena sustatzen, eta Kataluniako jaialdi garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Aurten lehen aldiz antolatu dute lehiaketa, rock talde berriak ezagutarazi eta haiei lekua eskaintzeko helburuarekin.
Gaurko bozketak gainditzea lortzen badute, urrian Makis 37k Tarragonan jotzeko aukera izan dezake, rock musikaren eszenako izen handiekin batera Pintor Rockeko agertokian.
