Asier Heriz eta Iñaki Saez 2001eko irailaren 8an hil ziren, auto-istripuan, Avilako Brievako kartzelan zegoen Lourdes Txurruka herrikidea bisitatzera zihoazela. Istripuan oso larri zauritu zen Irantzu Benito.
Gertakariak samin handia eragin zuen. Harrezkero, urtero egiten dituzte oroimen ekitaldiak, gazteak oroitu, senideei eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazi eta istripua sakabanaketa politikak eragin zuela salatzeko. Ildo horretan, biktimekiko aitortza ere aldarrikatu dute urteotan.
Aurten, biharko ekitaldiaz aparte, gehiago ere egin dituzte. Eibarren, Amañako festen atarian zein aste honetan, Arrate Egunean. Soraluzen, berriz, martitzenean, istripua gertatu zeneko egunean, 100 lagun inguru elkartu ziren Plaza Barrixan.
16 heriotza
Elkarretaratzeen testuinguruan, Etxeratek salatu du sakabanaketa politikak eragindako heriotzak saihestu ahal zirela "mendekuaren eta zigor erantsiaren gainetik giza eskubideak nagusitu izan balira". Halaber, urteak daramatzate istripua jasan zuten soraluzetarrentzako biktima aitortza aldarrikatzen, Estatuaren indarkeria biktima gisa, baina, oraingoz, ez dute lortu. Etxeraten datuen arabera, salbuespen espetxe politikak, zuzenean zein zeharka, hamasei senide edo lagun hil ditu.