Ustekabe txarangak Agorra Fest jaialdiarekin ospatuko du 25. urteurrena

Barrena

Kaleko musika, ska eta heavy metal doinuak uztartuko ditu Eibarko Ustekabe txarangaren 25. urteurrena ospatzeko prestatu duten Agorra Fest jaialdiak. Era guztietako taldeek hartuko dute parte kaleko musika ardatz duen jaialdian, besteak beste, EH Sukarra, Goxua N’Salsa, Potato, Broken Brothers, Psycho Clown, Laket, Euskorleans, Burrunba elektrotxaranga, Elgoibarko dultzaineroak eta Elgoibarko erraldoi eta buruhandien konpartsak.

Gaur hasi eta domekara arte egingo dute Agorra Fest, Eibarko kaleetan eta Untzaga plazaren bueltan. Iruñeako Broken Brothers Brass Band talderen saioarekin hasiko da jaialdia, gaur, 18:30ean. Bizikleta plazatik abiatuko dute funk, gospel eta jazz modernoa uztartuko dituen bi orduko kalejira.  
Jarraian, Psycho Clownek perkusioa, piroteknia eta pailazoen mundua batzen dituen emanaldia emango du Untzaga plazan, 20:30ean.
Gauean Goxua N 'Saltsa taldeak musika latinoz girotuko du Ustekaberen urteurren festa, 22:00etatik aurrera Untzaga plazan.
Gaurko iragarritako emanaldiak Potato talde arabarraren zuzenekoak itxiko ditu. Joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi zuen bere bidea Potatok eta talde garrantzitsua izan zen euskal eszenan reggae, ska, rocksteady eta dub estiloen hedapenean. Gauerdian hasiko da kontzertua.

Agorra Fest jaialdia aurkezteko ekitaldia. Arg: Aitor Zabala.

Elgoibarko dultzaineroak eta erraldoiak zapatuan

Zapaturako programazioa are zabalagoa da. Elgoibarko dultzaineroen eta Erraldoi eta Buruhandien Erbuze konpartsakoek egingo duten kalejirarekin hasiko da eguna, 10:30ean. Errebaletik Urkizuraino egingo dute kalejira, Untzagatik pasatuz.
12:30ean, Ustekabe txarangakoen kalejira hasiko da, Urbat waterpolo klubak antolatutako herri bazkariaren aurrerapen gisa. Izan ere, Ustekabek moduan Urbat kirol taldeak ere 25 urte bete ditu aurten, eta biek bat egingo dute ospakizunean. 
Arratsaldean Burrunba elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, 19:00etatik aurrera. 

EH Sukarraren kontzetua

Zapatu gauean euskal heavy metalean aitzindariak diren EH Sukarra talde eibartarrak emango du zuzenekoa Untzagan (22:00). Mikel Gorosabel ‘Norton’ eibartarrak gidatu du EH Sukarra taldea haren sorreratik, 1989tik. Ia 40 igaro dira Gaztea irratiak antolaturiko lehen maketa lehiaketa (1991n) irabazi zuenetik, eta geroztik bederatzi disko argitaratu dituzte, horietako bat zuzenean. Zapatuko egitarauari Laket erromeria taldeak emango dio amaiera, gauerditik ordu txikiak arte.

Domekan, New Orleanseko erritmoak

Agorra Fest jaialdia domeka eguerdian amaituko da Euskorleans taldeak egingo duen kalejirarekin. New Orleanseko erritmoekin girotuko dituzte kaleak 12:30etik aurrera.

Ustekabe, 25 urteko ibilbidea

Mende hasieran sortu zuten Ustekabe txaranga, hain justu ere, 2000. urtean. Eibarko musika eskolako gazte talde bati festak eta ekintzak girotzeko talde bat sortzea bururatu zitzaien, eta halaxe sortu zuten txaranga. "Entsegu asko, kide berriak, kantuen moldaketa berri asko behar izan dira txarangak martxa hartu eta gaur egun garenera iritxi arte", diote. Txarangak festa eta ekintza ugaritan hartu du parte urteotan.