Ermua-Mallabia OLHUIk plaza guztiak beteta hasi du ikasturtea

Garazi Mendieta

Ermua-Mallabia OLHUIko ikasleek iaz egindako ortu ekologikoa. ERMUA-MALLABIA OLHUI

Ikastetxeak 45 plaza bete ditu lehen mailan, eta ikasleen gehiengoa inguruko udalerrietatik dator; guztira, hamahiru herritako 37 gaztek egingo dituzte ikasketak Ermua-Mallabia OLHUIn aurten.

Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak plaza guztiak beteta ekin dio 2026-2027ko ikasturteari, beste urte batez. Guztira, lehen mailako 45 ikaslek osatuko dute aurtengo promozioa, eta horietatik zortzi dira Ermua eta Mallabikoak: sei Ermukoak eta bi Mallabikoak. Gainerako 37 ikasleak inguruko beste udalerri batzuetatik datoz.

Ikasle berrien jatorriak erakusten du ikastetxeak eskualdean duen erakargarritasuna. Izan ere, aurten, Eibar, Elgoibar, Ondarroa, Soraluze, Deba, Mendaro, Elgeta, Durango, Abadiño, Zaldibar, Ordizia, Zornotza eta Bilboko ikasleak ere izango dira lehen mailako geletan.

Ikastetxeak hiru ikastaro eskaintzen ditu, ikasleen askotariko interes eta etorkizun profesionaletara egokitzeko: ile-apainketako eta irudi pertsonaleko laguntzailea, ibilgailuak konpontzeko laguntzailea eta elementu metalikoen fabrikazioko langilea, mekanizazioaren arloan. Horrekin batera, OLHUIk azken urteetan erakutsi duen joerari eutsi dio, eta ikasturte berria plaza guztiak beteta hasi du.

Hiru ikastaroek hainbat arlo profesionaletan oinarrizko gaitasunak eskuratzeko aukera ematen dute, eta, horrela, ikasleek prestakuntzan aurrera egiteko eta lan-merkatura hurbiltzeko oinarriak dituzte.

Elkarbizitza eta arreta izango dira ardatz

Irailaren 7an hasi zen 2026-2027ko ikasturtea, eta, plaza guztiak betetzeaz gain, ikastetxeak berrikuntza batzuk jarri ditu martxan elkarbizitza eta ikasleen arreta indartzeko. Besteak beste, Bizikidetza Plan berria eta Lan-esparru Koordinatua ezarri ditu, ikasleen beharrei modu koordinatu eta inklusiboagoan erantzuteko.

Prestakuntza-eskaintzarekin batera, ikastetxeak prestakuntza dualaren aldeko apustua sendotzen jarraitzen du, ikasleek lehen mailatik tokiko enpresetan eta lan-ingurune errealetan gaitasun profesionalak garatzeko aukera izan dezaten.