Harrera beroa izan du Bartzelonan 'Txillarreko sukaldaria' dokumentalak

Ainara Argoitia Arano

80-90 lagun elkartu ziren herenegun Bartzelonako San Agustin auditoriumean Txillarreko sukaldaria dokumentalaren proiekzioan. Pello Rubio dokumentaleko protagonistaz gain, beste bi gonbidatu berezi izan ziren ekitaldian: David Fernandez CUPeko kidea eta Rosa Lluch historialaria eta ETAk 2000. urtean hil zuen Ernest Lluch PSCko kidearen alaba. Antolatzaileek zehaztu dutenez, dokumentalak harrera beroa izan zuen.

Asier Ibaibarriaga Apoitaren (Ermua, 1973) eta Edurne San Martin Larrañagaren (Eibar, 1963) obra da Txillarreko sukaldaria, dokumental eta liburu formatoan argitaratua dutena. Elgoibarko Txillarre baserrian 2005-2006ko bake prozesura iristeko egin zituzten otordu-bileren berri ematen dute haietan, eta Pello Rubio da protagonista nagusia, Txillarreko ugazaba eta otordu-bilera haiek girotzeko behar zen guztia egin zuena.

1999an Rubiok politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi lagun elkartu zituen bere etxean, bazkari baten bueltan: Paco Egea sozialista eta Arnaldo Otegi ezker abertzalekoa. Ez zen behin bakarrik gertatu hori, baina. Bazkari haren ondotik gehiago etorri ziren, eta haietan sortutako solasaldietatik eta harremanetik bestelako elkarrizketa-mahai batzuk sortu ziren gero, erakutsiz posible dela bortizkeria-egoeratik bake girora egitea, bai eta desberdin pentsatzen dutenen arteko akordioak sortzea ere. 

Mezu hori jaso zuten herenegun Bartzelonan dokumentala ikusi zutenek, eta mezu horretan jarri zuten azpimarrarra proiekzioaren ondorengo mahai-inguruan parte hartu zuten protagonistek: Pello Rubiok, David Fernandezek eta Rosa Lluchek. Dokumentalaren egileek eurek egin zituzten atariko aurkezpen lanak. Txillarren bilera haiek egin ziren garaiaren inguruko zertzelada batzuk eman eta testuingurua osatu zuten hala Ibaibarriagak eta San Martinek, eta proiektatu zuten gero dokumentala, katalanezko azpitituluekin. Ondoren etorri zen solasaldia. Luze eta zabal jardun ziren protagonista eta gonbidatuak elkar-ezagutzeaz eta enpatiaz, eta txalo zaparra handi batekin bukatu zen ekitaldia. Ibaibarriagak azaldu duenez, gazte jende asko gerturatu zen emanaldira eta halako materialak eskoletan erabiltzearen egokitasunaz aritu ziren, besteak beste, eskaera eta galderen tartean.