BARRENAk ibilbide luzeko bi argazkilari izendatu ditu lehiaketan epaile lanak egiteko -G. Ariznabarreta eta M. Valero-, eta, haiek aitortu dutenez, "ez da batere lan erraza izan hainbeste argazkiren artetik zein saritu erabakitzea". Epaileek argazkien kalitatea eta originaltasuna saritu dituzte, eta baita argazkian Debabarreneko pertsonak agertzea ere. Hala, lehen saria Ane Itziar Bastida Lizaso debarraren Olatuen eta asfaltoaren artean izeneko argazkiari eman diote. Epaimahaikoeen ustez, argazkia "originala da, konposizio zaindua du eta modu sortzailean aukeratu da". Horrez gain, epaileek nabarmendu dutenez, "surflariaren horma-irudi indartsuak jolas bisuala egiten du barrenean agertzen den skaterren irudiarekin".
Argazkiaren egileak azaldu duenez, argazkia Deban bertan atera zuen, mugikorrarekin, surf egitera zihoan egun batez. "Itsasora bidean nindoala, umeak ikusi nituen jolasean, eta oso irudi polita iruditu zitzaidan", adierazi du. Bastida argazkiak atera zalea da, eta gustura jaso du saria: dastatze-menua bi pertsonarentzat Elgoibarko Gabi jatetxean.
Bigarren saria Soraluzera
Bigarren saria Ainara Juaristi soraluzetarrak jaso du, beste bi lagunekin batera Azoreetan laku baten ondoan atera zuen argazkiarekin. Epaimahaiaren ustez, egileak "bete-betean asmatu du gaiarekin" eta argazkiak "udako sentsazio positiboak transmititzen ditu". Soraluzetarrak argazki asko atera ditu Azoreetan. "Leku zoragarria da. Sentitu naiz pelikula batean bezala". Aitortu duenez, gustatzen zaio argazkiak ateratzea mugikorrarekin eta argazki kamerarekin: "Batez ere, naturako gauzei: animalia txikiei, euri-tantei...". Juaristik bi bonu irabazi ditu Iparsurf eskolaren surf ikastaro batean parte hartzeko.
Publikoaren saria Elgoibarrera
Hirugarren saria, publikoarena, Barrena.eus-eko irakurleek aukeratu dute. Irakurleek ehun eta hogeita hamar boto eman dituzte, eta, horien artetik, Monument Valeyko (Utah) errepide batean ateratako argazki batek jaso ditu boto gehien. Argazkia Igor Torres elgoibartarrarena da; Errigoraren saski bat jasoko du.