Bariku honetan, Gipuzkoa Etorbideko plazak hartuko du EH Sukarraren kontzertua, Mesedeetako jaien lehen gaueko ekitaldi izar indartsua, 23:00etan. Antolatzaileek esplikatu dutenez, "iazko festak, nahiz eta eguraldia lagun ez izan, ondo" joan zitzaizkien, eta "aurten apustu potoloagoa" egitea bururatu zitzaien: "EH Sukarra taldea ekartzea". Hori bai, aitortu dute horrek "lan-karga handiagoa" ekarriko diela, "langile gehiago, janari gehiago eta jende gehiago aurreikusten" dutelako.
Gainera, EH Sukarraren kontzertua baino lehen ere izango dute zeregina auzoan, bestelako ekitaldiak ere izango dira. 18:00etan jaiak hasteaz bat, txokolatada, dantza saioa eta txorizo dastatzea izango dira. Gero, 21:00etan hasiko da musika, taula gainera igoko baita EH Sukarraren telonero Konbo Itxaropena taldea eta rock-heavy talde klasikoen zenbait kantu bertsionatuko ditu.
Bazkariko tiketak salgai
Zapatuari dagokionez, elkarrekin bazkaltzeko aukera emango dute auzoko bazkarian, aurten, menu bereziarekin, "menu desberdina": helduentzat, paella, okela-bolak, pantxineta eta kafea –17 euro–; eta umeentzat, makarroiak, okela-bolak eta jogurta –12 euro–. Tiketak Asigorren eta Iratxon daude salgai. Azken horrekin lotuta, ohartarazi dute tiketetan irailaren 20a ipintzen duen arren, irailaren 19an izango dela.
Karta-jokoak, futbitoa…
Osterantzean, barrixo-ko jaietan ez dira faltako ohiko txapelketa jendetsuak: musa, tutea, hiruko areto futbola, tortilla-txapelketa, toka, mahai-futbol txapelketa… Karta-jokoen kasuan, tutean zapatu arratsaldean egingo dute, 16:30ean, eta musean, berriz, zapatu gauean, 22:30ean. Hiru sari izango dira: Edurtzan bazkaria, 60 eurotan baloratutako otarrea eta 40 eurotan baloratutako otarrea, hurrenez hurren.
Zapatuan, 17:00etan hasiko da hiruko areto futbol txapelketa, eta 19:00etan, mahai-futbol txapelketa.
Erraldoiak, buruhandiak
Eta bestelakoen artean, umeei zuzenduta puzgarriak izango dira zapatuan; eta domekan, erraldoiak eta buruhandiak eta apar festa. Eta musikaren atalean, zapatuko erromeria Ahantzi taldeak girotu ondoren, 01:00 aldera Trujen eta Estrujenak ibiliko dira barrixo-a dantzan jartzen.
Jai Batzordeak esan duenez, Aste Santu ondoren hasi zen antolaketa-lanetan hamar bat laguneko taldea. "Herritar guztiak" gonbidatu dituzte jaietara: "Haur, gazte, heldu... ongietorriak izango dira".