Debegesak antolatzen dituen GUre Balioak sarien helburua Debabarrenean "balio sozialak indartzea da, ez bakarrik jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik ere". Ekimenaren bidez aitortu eta bultzatu nahi dituzten balioak "integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza dira". Hain zuzen, balio horietan erreferente diren debabarrendarrak bilatzea da Debegesaren helburua.
Sari hauek urtero banatu ziren 2010 eta 2020 urteen artean, baina 2024tik aurrera bi urtez behingo izaera hartu dute.
Hiru kategoria eta sariak
Edizio honetan hiru kategoria desberdin sarituko dira:
- “Bizitza osoko ibilbidea”: Pertsona batek bere bizitzan edo ibilbidean zehar ordezkatu dituen gizarte-balioak saritzen eta aitortzen ditu. Kategoria honetako irabazleak Oihane Ortega artistaren “Muin-fluxua” obra jasoko du.
- “Gizarte ekimena”: 2026an gizartean eragin positibo esanguratsua duten elkartasun-helburuekin proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatu dituzten edo garatzen ari diren gizarte-erakundeak aitortu eta lagundu nahi ditu, komunitateen bizi-kalitatea hobetuz eta ongizate orokorra sustatuz.
- “Gazte ekimena”: Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartu eta babestu nahi ditu.
Laboral Kutxa enpresaren laguntzari esker, “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategorietako irabazleek 2.000 euroko saria jasoko dute eskudirutan.
Hautagaitzak aurkezteko epea eta bideak
Parte hartu nahi duen edonork edo hautagai izan daitekeen norbait ezagutzen duen edozein pertsonak jada aurkez dezake bere proposamena. Hautagaitzak bidaltzeko azkeneko eguna 2026ko urriaren 16a izango da (egun hori barne).
Proposamen guztiak Debegesaren web orrian bertan sari bakoitzaren atalean dagoen formularioa betez eta kasu bakoitzean eskatzen diren betekizunak kontuan izanda aurkeztu behar dira.
Edozein zalantza edo arazo izanez gero, Debegesarekin harremanetan jar daiteke komunikazioa@debegesa.eus helbidera idatziz edo 943 820 110 telefonora deituz.