Bihar Ermuan eta Deban hasita, GKS-k eta IAS-ek Gazte Topagune Sozialista aurkeztuko dute Debabarreneko herrietan

Barrena

Ekainean aurkeztu zuten topaketa Elizondon. Argazkia: Erran.eus.

Urriaren 9tik 12ra, GKS-k eta IAS-ek antolatuta Elizondon egingo duten Gazte Topagune Sozialista aurkeztuko dute Debabarreneko herrietan, bihar Ermuan eta Deban eta datorren ostiralean Elgoibarren eta Soraluzen. Eibarren ere aurkeztuko dute baina eguna zehazteke dute oraindik.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) ekainean iragarri zuten aurtengo Gazte Topagune Sozialista urriaren 9tik 12ra egingo dutela Elizondon (Nafarroa).  Bertan, lau egunez, "formakuntzarako, eztabaidarako eta aisialdirako tartea" eskainiko dute hitzaldi, kontzertu eta zenbait jardunaldiren bitartez. Ikus egitarau osoa HEMEN

Hala, ostiral honetan eta hurrengoan GKSk eta IASek ekimena aurkezteko saioak antolatu dituzte Debabarreneko herrietan: irailaren 18an Ermuan (18:00etan, Eskilarapekon) eta Deban (18:30ean, Gaztetxean) eta irailaren 25ean, Soraluzen (18:00etan, Gaztetxean) eta Elgoibarren (19:00etan, Gaztetxean). Eibarren ere aurkeztuko dute baina oraindik ez dute jakinarazi eguna. 

Antolatzaileen esanetan, "indibidualismoa, matxismoa, despolitizazioa eta desmobilizazioa, eta ideia erreakzionarioen normalizazioa ematen ari den garaiotan, ezinbestekoa da honi aurre egingo dion indarra sortu eta antolatzea. Horri ekarpena egitera dator GKS eta IAS ek antolatu dugun Gazte Topagune Sozialista".