Auto klasikoen erakusleiho eta topaleku bihurtuko da bailara asteburu honetan

Izaro Aulestiarte/Ander Gomez

Ezkerrean, auto klasiko bat San Sebastian Circuit Spirit rallyan; eskuinean, 2024ko Ermuko topaketa. Arg.: SAN SEBASTIAN CIRCUIT SPIRIT/ESTIBALITZ GONZALEZ

Motor hotsek hartuko dute bihar (irailak 19) Deba; igandean (irailak 20), aldiz, Ermua eta Mallabia.

Auto klasikoen zaleek bi hitzordu izango dituzte aukeran asteburu honetan Debabarrenean: batetik, San Sebastian Circuit Spirit ekimenak geldialdia egingo du Deban larunbatean, hilak 19; bestetik, Klasikoen Kontzentrazioa izango da biharamunean, Ermuan eta Mallabian. IX. edizioa dute aurten bi jarduerek. 

San Sebastian Circuit Spirit rallyak Gipuzkoan barrena egingo du ibilbide osoa. Bi kategoriatan ariko dira parte hartzaileak: auto klasikoen eta kirol autoen rallyan –1923tik 1973ra arteko ibilgailuak– eta kirol autoentzako GT biran –GT auto modernoak–. Guztira, 120 partaide batuko dira, Euskal Herrikoak zein Kataluniatik, Espainiatik eta, batik bat, Frantziatik etorritakoak. "Pozik gaude kopuruarekin, erakustaldi polita izango da", aipatu dute Touring Escuderiako Agustin Garcia eta Jose Luis Velez antolatzaileek.

Ibilbide bera egingo dute denek: 140 kilometro, 50 kilometrotik beherako abiaduran. Donostiako Gipuzkoa plazatik irtengo dira, 10:30ean, eta 19:00 aldera egingo dute hiribururako itzulera.

120 auto klasiko eta kirol auto izango dira Deban; 50, gutxienez, Ermuan, baina izen ematea ez dago itxita

Bi zatitan banatu dute hitzordua. Goizean, Donostiatik Debarainoko tartea egingo dute, Usurbil, Orio, Zarautz, Zestoa, Azpeitia eta beste hainbat herritatik igarota. Deban bazkalduko dute, Aldats pilotalekuan, eta 13:30etik 16:00etara autoak herrigunean izango dituzte aparkatuta, Foruen plazan, Plaza Zaharrean, zumardiko kioskoan nahiz ibaiaren ondoan, Arrantzale kalean. Bazkalostean, berriz, Donostiara joango dira, Itziar, Zestoa, Getaria, Zarautz, Orio, Aginaga, Usurbil eta Lasartetik pasatuta.   

San Sebastian Circuit Spiritek zortzi edizio izan ditu, 2017az geroztik. Garciak eta Velezek azaldu dutenez, Donostiako Automobil Zirkuituaren –Lasarteko zirkuitua ere deitua– "espiritua" berreskuratu nahi dute, 1923tik 1935era egin ziren "lasterketa handiak" gogora ekarrita. "Gurea, baina, ez da kirol jarduera bat, ez dago lehiarik, paseo bat besterik ez da", erantsi dute. 

Izen-ematea zabalik Ermuan

Igandean, hilak 20, Ermua izango da "altxor gurpildunen" bilgune, Ermuclassic elkarteak antolatutako Klasikoen Kontzentrazioak 30 urtetik gorako hamarnaka ibilgailu batuko baititu herrigunean. Momentuz, berrogeita hamar bat lagunek eman dute izena, baina, antolatzaileen esanetan, kopurua nabarmen igo ohi da azken orduan. Izen-ematea zabalik dago oraindik, bost euroan: aurrez egin daiteke, 609 91 60 83 telefonora deituta, edo egunean bertan, 09:30ean, Orbe Kardinala plazako kioskoan.

Partaideek ordu eta erdian egingo dute ibilbidea. 11:00etan hasiko dute desfilea Ermuko kaleetan, eta herritik irtetean Mallabirako bidea hartuko dute; Trabakua Behekoa jatetxea da ekimenaren babesleetako bat, eta aparkalekuan geldiunea egingo dute, luntxaz gozatzeko. Berriz eta Areitio aldetik egingo dute, ondoren, Ermurako buelta.

13:30ean egingo dute sari-banaketa, Orbe Kardinala plazan. Talderik ugariena, autorik zaharrena, urrunenetik etorritakoa eta esklusiboena sarituko dituzte, besteak beste; garaikurraz gain, materiala emango dute sari: motor-abiagailuak, garbiketako kitak eta bestelako piezak. Bertako produktuekin osatutako saskiak ere zozkatuko dira.