11 hektareatako lur azalera hartzen du instalazioak, eta bost futbol zelai ditu, 1.620 lagunentzako harmaila duen hiru solairuko eraikin baten inguruan. Guztira, 30 milioi euroko inbertsioa egin du SD Eibarrek Areitio Kirol Hirian, eta diru iturri propioez gain, La Liga Impulso erakundearen laguntza izan du finantziazioan.
Egun "historikoa"
Klubaren historian gaurkoa egun "historikotzat" jo du Amaia Gorostiza Eibar SDko presidenteak, klubaren egitura guztia espazio bakar batean zentralizatuko delako aurrerantzean. Izan ere, Eibarko Kirol Elkarteak ez du inoiz espazio propiorik izan orain arte. Horren harira, Gorostizak gogoratu du 1914an jokatu zuela lehen partida Eibarrek Otaola Erdikoan eta 40 urte baino gehiagoan jardun zirela gero Txantxa Zelaiko zabalgunean jokatzen oinarrizko futbol taldeetakoak, harik eta 1997an Unbe zabaldu zuten arte. 2014tik 2025era, berriz, lehen taldea Atxabalpen entrenatzen aritu zen, Arrasateko Udalak lekua utzita. "Lehen partida hura jokatu eta ehun eta hamabi urtera, klub hau sortu eta laurogeita sei urtera, gaur esan dezakegu, lehen aldiz, Eibarrek berea bakarrik den lekua duela", adierazi du Gorostizak. Eta gehitu du: "Gaur ez dugu estadio bat inauguratu. Ipuruak ia laurogei urte daramatza gure etxea izaten, eta hala izaten jarraituko du. Baina gaur inauguratu duguna beste gauza bat da, handiagoa: 8 urtekoengandik lehen mailara artekoak hartuko dituelako Areitiok".
Argazkia: SD Eibar
Proiektu "kolektiboa" dela nabarmendu du presidenteak: "Hau ez da ez zuzendaritza baten kontua, ez legealdi bateko kontua, ez agintaldi batekoen proiektua. Hau klubaren historian etxe propio baten beharrean sinetsi duten pertsona guztiena da".
Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak, bestalde, SD Eibarrek historian zehar "berrasmatzeko izan duen gaitasuna" azpimarratu du, eta "umiltasunarekin, zintzotasunarekin, hurbiltasunarekin, ondo egindako lanarekin eta kirolaren berezko balioekin lotu du SD Eibar. Horren harira, Amaia Gorostiza presidenteak bere agintaldian egindako lana goretsi du Pradalesek, azpimarra jarriz "klubaren kudeaketaren bikaintasunean, epe luzerako ikuspegian eta autoexijientzian".