KOLABORAZIOA

Elkanoren heriotza

Agustin Astorkia

Arg.: Getaria Turismo

Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko historia ikertzen dabil azken urteotan Agustin Astorkia; BARRENArekin partekatu nahi izan ditu paper artean aurkitutakoak. Hona hemen bere kolaborazioa.

Duela 500 urte Ozeano Barearen erdian Juan Sebastian Elkano hil zen munduaren bigarren itzulia eman nahian.

Garcia Jofre de Loaysa agindupean Elkano 1525eko uztailaren 25ean A Coruñan itsasoratu zen. Espedizioa 7 itsasontzik osatzen zuten eta 450 marinel inguru joan ziren.

Itsasontzi gehienak Portugaletetik abiatu ziren A Coruñan beste itsasontziekin biltzeko. Elkanorekin batera euskaldun asko joan ziren, tartean Elkanoren familiarrak. Horrela Elkanoz gain beste hiru anaia, iloba bat eta koinatu bat joan ziren. Hauek, hurrenez hurren, honako hauek ziren: Martin Perez, Otxoa Martinez, Anton Martin(ez), Esteban de Mutio eta Santiago de Gebara. Elkano Sancti Spiritus deitutako itsasontzian kapitain bezala zihoan eta espedizioan bigarren postua zuen.

Pazifikora bakarrik 4 itsasontzi heldu ziren, bi desertatu eta Elkanoren itsasontzia hondoratu baitziren. Gelditzen ziren itsasontzien artean ekaitz baten ondorioz 2 desagertu ziren eta hirugarren bat, Santiago patatxea, gaur egungo Mexiko aldera desbideratu zen, han patatxearen kapitaina, Santiago de Gebara, hil zelarik. Espedizioan gelditu zen itsasontzi bakarra Victoria zen eta barruan ziren, besteak beste, Elkano eta Andres de Urmeneta.

Uztailaren 30ean Loaysa hil zen eta Carlos V enperadoreak idatzita zuen bezala Elkano kapitain jeneral izendatu zuten. Karguan ez zuen iraun denbora asko gaixo baitzegoen eta jadanik testamentua egina zuen. Urdanetak jaso zuenez 2026ko abuztuaren 4ean Ozeano Barearen erdian Elkano hil zen, testigantzen arabera arrantzatutako arrain pozoitsuak jatearen ondorioz.

'Victoria' ontziaren marrazki bat.

Zenbait egun lehenago, uztailaren 26an, Urdanetak jaso eta idatzi zuen Elkanok egindako testamentua. Lekukoak euskaldunak ziren, besteak beste, Andres de Urdaneta, Hernando de Gebara eta Martin Garcia de Karkizano, elgoibartarra. Bere testamentuan familiarekin gogoratzeaz gain izan zuen presente Monreal de Deba hiribildua. Itziarko elizarako urrezko 40 dukat eman zituen eta Sasiolako monastegirako urrezko 10 dukat. Kontutan izan behar da Getariako eliza eta baselizentzako, gutxi gorabehera, guztira urrezko 24 dukat bidali zituela. Honek adierazten du Debarekiko
zuen lotura estua.

Victoria itsasontziaren kontramaisua Debako Iñigo de Elorriaga zen. Urdanetak esan zuenez Guam uharte inguruan ontzi beraren maisua izendatu zuten eta Elgoibarko Martin Iñiguez de Karkizano kapitaina. Elgoibartarraren agindupean 1526ko azaroaren amaieran 115 tripulatzaile inguru Moluketara heldu ziren. Zenbait urtetan portugesekin liskarretan ibili ziren eta horietariko batean, 1528an, Fernando de Baldaya kapitain portugesarekin borroka egin ondoren galera kendu eta Iñigo de Elorriaga galeraren kapitaina izendatu zuten. Iñigo de Elorriaga Moluketan gaixotu eta
1529an hil omen zen.

Espedizioa hasi zenetik 10 urte pasatu ondoren, 1536an, bizirik irten ziren 8 marinel Lisboara heldu ziren, horien artean Andres de Urdaneta zegoelarik. Honek zekartzan agiri kartografikoak kendu zizkioten eta Portugaletik ihes egin behar izan zuen.

Iñigo de Elorriagaren anaia Juan Lopez de Elorriaga auzian sartu zen Indietako Kontseiluarekin Iñigori zor zitzaion soldata kobratzeko. Eskatzen zuen zerbitzuengatik bakarrik onartu zioten 30 hilabetetan egindako zerbitzua, hau da, 150 urrezko dukat eta 1548an erabaki zuten anaiari ordaintzea 47.125 marabedi, Iñigo-k 9125 marabedi jadanik kobratuak zituela argudiatuz.

Aldi berean, Juan Lopez de Elorriagak Anton Martin de Elkanori zor zitzaion soldata Indietako Kontseiluan eskatu zuen. Anton Martin, Maria Otxoa de Elorriagarekin ezkonduta zegoen eta Juan Lopez de Elorriaga Mariaren eta bere alabaren oinordeko unibertsala zen. Anton Martin berez, Juan Sebastian Elkanoren anaia txikiena zen eta Loaysaren espedizioan joanda Pazifikoan hil zen. Indietako Kontseiluan 1556an Santa Maria del Parral itsasontzian ontzi-pilotu gisa hamar hilabete eta zazpi egunetan egindako lana aitortu zitzaion. Juan Lopez-i 10.560 marabedi ordaintzea erabaki zuten, Anton-ek 15.000 marabedi jadanik kobratuak zituela argudiatuz.