Kataluniako ordezkaritza batek Debegesa bisitatu du, Debabarreneko gobernantza eta laneratze ereduak ezagutzeko

Barrena

Kataluniako ordezkaritza zabal batek Debegesa garapen-agentziaren egoitza bisitatu du Eibarren, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatutako lurralde-gobernantzako eredua eta garapen sozioekonomikoko politikak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Bisita honen helburu nagusia Katalunian antzeko agentzia- eta gobernantza-sistema bat ezartzeko bideragarritasuna aztertzea izan da, batez ere prestakuntza-, orientazio- eta laneratze-ibilbideetan arreta jarriz.

 

Eibarren egindako lan-saioan, garapen-agentzien modelo-aldaketaren gakoak aztertu dituzte. Azaldutakoaren arabera, eredu zaharrean agentziak administrazioak diseinatutako egitasmoak betearaztera soilik mugatzen ziren; ikuspegi berrian, berriz, politika publikoen diseinuan eragile aktibo bihurtu dira. Horrez gain, "Elkar-ekin Lanean" laneratzeko lankidetza-proiektua eta "Eskualdeak" sustapen ekonomikoko ekimena aurkeztu dizkiete bisitariei.
 

Soraluze eta Elgoibarko proiektuak bertatik bertara

Egoitzako bileraren ondoren, Kataluniako ordezkaritzak eskualdeko hainbat udalerri zeharkatu ditu "Debabarrena Berritzen" programaren bidez bazterketa-arriskuan dauden gazteak laneratzeko abiatutako proiektuak ezagutzeko. Lehen geldialdia Soraluzen egin dute, "Olaldea Zentroa" bisitatzeko. Industria-eraikin zahar hori Lanbidek homologatutako prestakuntza-zentro bihurtu da, gaur egun profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ikastaroak eskaintzen dituena.
 
Ondoren, Elgoibarrera joan dira "Sigma" proiektua ezagutzeko. Ekimen hori Sigma josten-makinen enpresako langileen familientzat sortutako langile-auzo historikoaren birgaitze integralean oinarritzen da.
 
Bisitan parte hartu duen Kataluniako ordezkaritzaren buru Generalitat de Catalunyako Lan Idazkaria (Secretari de Treball), Paco Ramos Martín, izan da. Horrekin batera, Ampostako eta Oloteko udaletako zinegotzi zein teknikariak eta Garrotxako DinàmiG garapen-agentziako kideak ere egon dira Debabarrenean.