Bizkaiko txapela irabazteko aukera handiekin iritsi dira finalera Angel Ibarluzea eta Aitziber Olaizola

Asier Orbea Ostolaza

11 jardunaldi jokatu eta gero, Markina-Xemeingo Lauzirika bolatokian jokatuko dute Bizkaiko Hiru Txirlo bola-joko txapelketaren finala, urriaren 3an (12:00). 

Ibarluzea Mallabiako Goita taldea ordezkatzen ari da, eta txapelketako bolaririk erregularrena izan da orain artekoan. Asterrikako (Berriatua) eta Santa Eufemiako (Aulesti) bolatokietan jokatu dituzte azken jardunaldiak, eta horietan bietan Mateo Goenaga (Asterrika taldea) izan da onena. Azken tiraldian, Aulestiakoan, bosna txirlo bota zituzten sailkapeneko lehen hiru sailkatuek: Mateo Goenagak, Oier Txurrukak eta Angel Ibarluzeak. 

Azken jardunaldiaren faltan Angel Ibarluzea dago sailkapen buru, 22 bola sartuta eta 46 txirlo botata. Asterrika taldeko Sebas Aranzabal dago bigarren postuan, 42 txirlorekin eta Santa Eufemia taldeko Anartz Esteban eibartarra dago hirugarren postuan 41 txirlorekin. (sailkapena)

Aitziber Olaizola, abantailarekin

Era berean, emakumezkoen behin-behineko sailkapenean ere bolari elgoibartar bat dago lidergoan, hain zuzen Goita taldeko ordezkari Aitziber Olaizola. Honek 15 bola sartu ditu orain arteko 11 jardunaldietan eta 28 txirlo bota guztira. Hala, sailkapen nagusiko 15. postuan dago eta aurrenekoan emakumeenean. Hor, alde polita du bigarren sailkatuarekiko, 22 txirlo botata baititu Nahia Etxaburuk (Santa Eufemia A). Nekane Anta (Berriatua) dago hirugarren postuan, 20 txirlorekin. 

Taldekako sailkapenean Asterrika (161 txirlo), Goita (131) eta Berriatua (119) daude aurreneko hiru postuetan.

Aulestiako tiraldiko lehen sailkatuak sari banaketan. Bola Jokorako Euskal Federazioa.

Aulestiko Santa Eufemi jaien barruan jokatu zuten Bizkaiko txapelketako azkenaurreko tiraldia.