Harritxu Getek jaso du aurtengo Gladys Saria, euskararen garapen digitalean egindako lanagatik

Barrena

Gladys Sariaren sariduna eta sari emaleak Donostian. 

Debabarreneko Danobatgroupek seigarren urtez jarraian babestu du Gladys Saria, emakumeek STEM arloetan egindako lana ikusaraztea eta erreferente berriak sortzea helburu duen ekimena. Aurtengo saria Harritxu Gete Ugartek jaso du, itzulpen automatikoaren eta hizkuntza-eredu handien arloan egindako ibilbideagatik eta euskararen garapen digitalari egindako ekarpenagatik, besteak beste.

Danobatgroupek jakinarazi duenez, saria irailaren 24an banatu zuten Donostiako Santa Teresa komentuan. PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak bultzatzen dute ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin. Sariak Gladys del Estal informatikaria omentzen du 2021etik.

Harritxu Gete donostiarra Vicomtech-eko ikertzailea da, eta Itzulin eta Batuan bezalako proiektuetan parte hartu du. EHUn Matematikan graduatu eta Hizkuntzaren Analisi eta Prozesamenduan doktore da. Horrez gain, teknologian genero-alborapenak ikertzen ditu, eta Inspira STEAM eta Emakumeak Zientzian ekimenetan parte hartzen du.

Nerea Otxoa Danobatgroupeko ordezkariak parte hartu zuen sariaren banaketan. Industria taldeak nabarmendu du ekimen horrekin zientzia eta teknologiaren arloetan emakumeen talentua sustatzeko duen konpromisoa.

Gladys Sariaz gain, Danobatgroupek emakumeen presentzia STEM diziplinetan handitzeko eta talentua garatzeko beste ekimen batzuetan ere parte hartzen du, hala nola Debegesarekin antolatutako batxilergoko mentoretzetan, Bizilaben, First Lego Leaguen, ZTIM Huben eta Ada Byron sarietan.