Itsas hondoak marraztutako artelanak jarriko dituzte ikusgai Bilboko Itsasmuseumen

Ainara Argoitia Arano

Laginketetako 24 argazki erakutsiko dituzte EHUko Itsas Bentos taldekoek Bilboko Itsasmuseumen urriaren 26an zabalduko duten Euskal kostaldearen sekretuak: zientziatik artera argazki erakusketan. Talde horretako kide da Nahiara Mugertza EHUko irakasle eta ikertzailea (Eibar, 1979) .

Azaroaren 8a arte egongo da ikusgai, eta Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikora eramango dute gero. Ikusgai izango diren argazkiak, baina, ez dira argazkilari batek egindakoak, baizik eta gure kostaldean laginketan ari diren zientzialariek. "Itsasoak marraztutako artelanak dira, laginketan jardun dugun bitartean telefonoekin egindako argazkiak, mundu liluragarri baten forma, egitura eta koloreak erakusten dituztenak", zehaztu du mendaroartutako Nahiara Mugertzak. EHUko irakasle eta ikertzailea da Mugertza, Itsas Bentos ikerketa-taldeko biologoa.

Itsas hondoko harribitxiak

Hark azaldu du naturaren aniztasuna erakusten saiatu direla, helburu batekin: zientzia behaketatik hasten dela erakustea eta ikusaraztea gertuagotik begiratzea nahikoa dela sarri natura berez artelan bat dela ulertzeko. Zehazki, itsas hondo harritsuan bizi diren organismo bentonikoen munduan jarri dute arreta, makroalgen eta ornogabeen munduan; ekosistemaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren izakiengan. "Aurtengo Zientzia Asteko gaia Zientzia eta artea zela jakin genuenean, iruditu zitzaigun gure laginketetan egindako argazki batzuk erakutsi genitzakeela. Nolanahi ere, ez dira ohiko argazkiak, makroargazkilaritza ikusiko baitugu". 

Hala, argazkietan nekez bereiziko du ikusleak zer den ikusten ari dena lehen begi-kolpean. Formak ikusiko ditu, kolore bizi eta deigarriak, gure kostaldeko itsas hondo harritsuan dagoen edertasuna erakutsiko baitute, daukagun espezie aberastasuna baino gehiago. Horregatik dakar argazki bakoitzak azalpen bat ondoan, argazkikoa zer espezie den eta espezie horrek zer berezitasun duen zehazteko. Izan ere, organismo horiek ez dira edertasunaren iturri soilik. Bioadierazleak dira, eta itsas ekosistemaren osasun-egoera ebaluatzeko informazio zientifiko baliotsua eskaintzen dute. "Itsas hondoko haitzei lotuta bizi dira, ezin dira mugitu eta oso sentikorrak dira aldaketekiko. Horregatik zaizkigu oso baliagarri ekosistema baten osasun-egoera, ingurumen-kalitatea edo kutsadura-maila ebaluatzeko. Haien presentzia, absentzia eta portaera nahiz aldaketa fisikoak aztertuz asko jakin dezakegu". 

Erakusketara eraman dute, esaterako, zuhaixka txiki baten itxurako Ericaria selaginoides alga egituratzailea, baina partez, bakarrik erakutsiko dute, bereizgarri duen kolorea nabarmenduz. Ingurune oso garbietan bakarrik bizi daiteke, eta urpean tonu urdin-turkesa distiratsuak erakusten ditu, baina uretatik kanpo kolore arrea hartzen du. Sumendi txikiak diruditenak ere ikusiko ditugu. Ez dira, baina, sumendiak, baizik eta itsas ezkurrak, zirripedo izeneko krustazeo txikiak –Chthamalus stellatus–, zeinak ezin hobeto egokituta dauden marearteko eremuan bizitzeko. "Itsasbeheran itxita egoten dira, lehortu ez daitezen, eta itsasgoran, elikatzen hasten dira". Horra hor naturaren ederraz gozatu eta zientziaz ikasteko bidea.