Nafarroa erdi eta hegoaldeko lurretan errotuta, Errigorak Euskal Herri osora zabaldu nahi du bere uzta. Bertako produktuak kontsumitzeko aukera eskaintzeaz gain, eskualde horretako euskalgintza indartzea eta auzolana sustatzea ditu helburu. Horretarako, udazken honetan ere Euskarari puzka kanpaina jarriko du martxan: urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean egin ahalko dira saskien eskaerak, Errigoraren webgunean edo herriz herri banatuko diren eskuorrien bidez. Eskatutako saskiak azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran jasoko dira herri bakoitzean, ohiko guneetan. Debabarreneko herrietara abenduaren 1ean ailegatuko dira.
Produktu saskiak eta laguntza Lodosako Ikastolara
Aurtengo kanpainan hiru saski mota eskainiko dituzte: Saski beltza (60 €), Saski berdea (eko, 65 €) eta Saski gorria (75 €) . Saskiek olioa, piperrak, zainzuriak, ardoa, turroia eta beste hainbat elikagai artisau biltzen dituzte. Erosketa bakoitzak, gainera, badu bestelako helburu bat: saskiaren balioaren %25 Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara bideratzen du Errigorak. Ekarpen horren bidez, AEKren, ikastolen, Sortzenen eta Agerraldiaren lana babesten dute. 2013an lehen kanpaina egin zutenetik, bi milioi euro baino gehiago bideratu dituzte zonaldeko euskalgintzara, Aintzane Ariztegi Errigorako komunikazio arduradunak azaldu duenez.
Berritasun gisa, landatu daitezkeen orriz osatutako egutegi berezi bat egongo da salgai 10 euroan. Bildutakoaren erdia (5 euro) Lodosako Ibaialde Ikastolara bideratuko da, Hezkuntza Sailaren erabakiek haren bideragarritasuna zaildu ondoren.
Auzolana, pantaila handian
Errigoraren ibilbidea eta barneko bizipenak jasotzeko, Errigora, sustraitik espaziora izeneko dokumentala ondu dute. Bi urteko prozesuan, 2024ko udazkeneko kanpainaren egunerokoa grabatu dute, eta ondorengo hilabeteetan ekoizleen esperientziak eta egitasmoaren barruko gogoetak bildu dituzte.
54 minutuko dokumentala urriaren 24an estreinatuko dute Lazkaon, eta ondoren hogei bat herritan proiektatzeko asmoa dute. Kontserba-lantegietako lanetik hasi eta euskararen aldeko Santxikorrota lasterketaraino, egitasmoaren eguneroko jarduna erakutsiko du filmak.
Errigoraren mezua argia da: sustraiak sendotzea ezinbestekoa da hazten jarraitzeko. Udazkeneko saskiak eskuratzea ez da, hortaz, elikagaiak erosteko modu hutsa; Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzari, nekazaritzari eta komunitateari ekarpena egiteko beste bide bat ere bada.