Trantsizio Aktiboa proiektu pilotuaren agertoki bihurtuko dira Deba eta Elgoibar datozen hiru hilabeteetan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, helburu argi batekin sortu da: lan-bizitzatik erretirorako trantsizioa erraztea, etapa berri hori modu aktiboan, harreman-sareari eutsiz eta zentzuz bizitzeko tresnak eskaintzea eta, aldi berean, nahi gabeko bakardadea prebenitzea.
Zahar eta Gazte Elkarteak eta SECOTek bultzatutako ekimen berritzailea azaroaren 6tik otsailaren 3ra bitartean egingo da, Harian Estrategiaren barruan, eta asmoa da Gipuzkoako beste udalerri batzuetara zabaltzeko moduko esperientzia bihurtzea etorkizunean.
Zehaztu dutenez, erretirotik gertu dauden edo etapa berri horretan murgildu berri diren bi udalerrietako edonork egin dezake bat egitasmoarekin, edozein dela ere haren ibilbide profesionala eta jubilatuta daraman denbora. "Oro har, herriari zuzendutako ekimen bat da", nabarmendu dute egitasmoaren bultzatzaileek.
Formatu mistoa
Metodologiari dagokionez, proiektuak formatu mistoa izango du. Matia Fundazioaren bitartez banakako online prestakuntza eskainiko da, eta, aldi berean, bi udalerrietan aurrez aurre egingo diren esperientzia-laborategiak tartekatuko dira, parte-hartzaileen arteko harremanak eta trukea bultzatzeko.
Bi udalerrietako edonork egin dezake bat egitasmoarekin, edozein dela ere haren ibilbide profesionala eta jubilatuta daraman denbora
Prestakuntza-programak, berriz, lau arlo nagusi landuko ditu modu integralean, pertsona bakoitzaren ongizatea bermatzeko: batetik, osasun emozionala eta mentala landuko dira, eta erretiroak dakarren identitate eta errutina aldaketara egokitzeko tresna psikologikoak eskainiko dituzte; bestetik, osasun fisikoa ere ardatz garrantzitsu bilakatuko da, eta ongizatea mantentzeko ohitura osasuntsuak, ariketa egokia eta nutrizio egokia bultzatuko dituzte; halaber, etapa berri horretarako kudeaketa finantzario eta administratiboak ulertzeko argibideak emango dituzte alderdi juridiko eta ekonomikoei esker; azkenik, harremanak eta konektibitatea jorratuko dira, sare soziala zaintzea eta komunitatean modu aktiboan parte hartzen jarraitzea helburu hartuta.
Bi taldetan
Antolakuntzari dagokionez, programa bi taldetan banatuta eramango dute aurrera: batak Deban garatuko du bere jarduera, eta besteak, Elgoibarren. Dena den, biek ala biek tokiko dinamikak eta topaketa bateratuak uztartuko dituzte, "esperientzien trukea eta lotura berriak sortzea bultzatzeko".
Egitasmoari hasiera emateko ekitaldia azaroaren 6an egingo dute, 10:15ean, Elgoibarko Aita Agirre kultur etxean; bertan bi udalerrietako parte-hartzaileak elkartuko dira. Proiektua, berriz, 2027ko otsailaren 3an amaituko da, Deban egingo duten azken topaketarekin. Bitarte horretan, banakako online prestakuntza-saioak eta aurrez aurreko laborategiak egingo dituzte.
Asmoa da Gipuzkoako beste udalerri batzuetara zabaltzeko moduko esperientzia bihurtzea etorkizunean
Proiektu berritzaile horren atzean hainbat erakunderen arteko lankidetza dago. Bizipoz kooperatibak diseinatu eta dinamizatuko ditu esperientzia-laborategiak, eta Zahar eta Gazte elkarteak eta SECOTek sustatuko dute ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri-Hariak programaren finantzaketarekin. Debako eta Elgoibarko udalek, Osakidetzak eta Ikaslan Gipuzkoak ere bat egin dute proiektuarekin.
Izen-ematea
Parte-hartzea doakoa da, baina plaza mugatuak direla ohartarazi dute: "Bi talde osatuko dira, udalerri bakoitzean bana, bakoitza 15-25 pertsonakoa".
Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, trantsizioaktiboa.eus webgunera jo daiteke, edo 646 26 30 50 telefono-zenbakira deitu.