Arimen Gaua Deban eta Gaba Beltza Itziarren. Egitarau, molde eta izen ezberdinekin izan arren, badator udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan Europa osoan ospatu ohi den jaia, urtez urte indarra hartzen ari dena. Gaur, hilak 30, ostiralez, egingo dute ospakizuna Itziarren; Deban, aldiz, biharko iragarri dute ekitaldi nagusia, baina hiru egunez, igandera arte, egongo da zer ikusia eta zer gozatua herrian.
Itziarren, Burugorri Martxan-en eta Lizarbe Guraso Elkartearen artean ondu dute gaur arratsalde-iluntzerako aisialdi eskaintza, eta herritarrei festara batzeko, gaua girotzeko mozorroa janzteko eta ekintzetan parte hartzeko dei egin diete, Itziarren ere Gaba Beltzaren ospakizuna indartu nahian dabiltzala azpimarratuta. "Etxean dituzuen arropa zaharrak hartu, aurpegiak oihal zaharrekin tapatu, margotu edo zikindu... eta ekarri zuen etxeko kandela piztuta, bidea argitzeko!", adierazi dute antolatzaileek.
Hiru jarduera iragarri dituzte: HH2-LH3 bitarteko haurrei zuzendutako ekintza ludotekan –Kalebarreneko lokalean, 17:00etan hasita–; argazkilaritza tailerra LH4-LH6ko ikasleentzat –Apaiz etxean, 17:00etan–; eta parkera joan eta frontoian Heriyo noiz azalduko zain elkarrekin egoteko deialdia, herritar guztientzat, 19:30ean. Ondoren, ipuin-kontaketa saioa egingo dute, Tranpapean.
Deban, bestalde, bi ekitaldi izango dira gaur, urriak 30, aukeran: batetik, haurrei zuzendutako ginkana, udaletxe azpiko arkupeetan, 17:30ean, Zuhatza-Kolore Anitzen ekimenez; bestetik, piroteknia, perkusioa eta antzerkia uztartzen dituen Psycho clown ikuskizuna, kalez kale, 21:00etan hasita.
Debako ekitaldi nagusia, bihar
Nolanahi ere, biharko, hilak 31, iragarri dute ospakizun nagusia Deban. Goizean, Beldurraren etxea egingo dute gaztelekuan, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailetako ikasleei zuzenduta. Eta arratsalde partean iritsiko da ekimen herrikoi garrantzitsuena, asteotako beroketa-lanen ondoren.
16:00etarako jarri dute ordua, Kultur Elkartean, kaleak auzolanean apaintzen hasteko. 17:30ean, txokolate-jana eta makillaje tailerra izango dira zumardiko kioskoan, eta, ordubete geroago, 18:30ean, photocall-a egingo dute. Kioskoan bertan elkartuko dira arimak gero, 19:00etan, eta, arima txikien dantzaldiaren ostean, bertan emango diote hasiera Arimen Ibilbidea-ri; kioskotik abiatuko da, eta Lersundi, Plaza Zaharra, Ostolaza kalea, Portu kalea eta Foruen plaza zeharkatuko ditu; berriz ere Lersunditik Plaza Zaharrera joan, eta amaiera-ekitaldia egingo dute bertan.
Dantzaldirik ere izango da tartean, iaz bezalaxe, Kulunkaren eta Gure Kai eta Kalez Kale txistularien eskutik. Eta beldurren erretzeak, kontakizunak, irrintziek, txalapartariek eta Kalean Kantuzek biribilduko dute jaialdia.
Etzi, azaroak 1, amaituko da tokiko herritar eta talde ugariren elkarlanaren fruitu den egitaraua, gaztelekuan: 11:00etan, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleei zuzendutako Beldurraren etxea egingo dute, eta ospakizunarekin lotutako film emanaldia izango da, 18:30ean.