Bazter guztietako lasterkariak erakarri ditu Antxintxikaren XX. edizioak

Ubane Madera Zangitu

Gaur arratsaldean, lasterkariz bete da Etxaburueta kalea, Antxintxika lasterketa mitikoaren XX. edizioak erakarrita. Aurten iaz baino gehiago izan dira, 415 lagun guztira; 36 patinetan eta 379 korriketan, antolatzaileen esanetan, %25 izan dira, gainera, neskak, eta, 20 lagun baino gehiago Soraluzekoak, Unai Larreategi alkatea tartean. Edozelan ere, bazter guztietatik etorri dira: Aretxabaleta, Oñati, Arrasate, Bergara, Eibar, Urretxu, Lizarra… baita Kantabriatik ere. Lasterketako beteranoena, hortxe argazkian ere, Juan Martin Elexpuru uberarra; bi edizio izan ezik, Antxintxikaren gainerako 18 alditan korrika egindakoa. Eta Soraluzeko beteranoena, berriz, Gonzalo Ariznabarreta izan da. Argazkiak: Gotzon Elizburu, Haizea eta Ubane Madera.

Esku bizikletako lasterkari barik, 16:45ean izan da gaur Antxintxikaren lehen irteera, rollerrena, edo patinatzaileena. Hor ere izan da Soraluzeko ordezkaritza, Jon Zabalaren eskutik. Haien ondoren, 17:00etan abiatu dira, berriz, korrikalariak, horiek mordoska bat, 379 lagun, eta 20 baino gehiago izan dira Soraluzekoak edo soraluzeartutakoak. 

Kolorez, kirolzaletasunez, umore onez… eta noski, urduritasunez jantzi dute guztiek ere Etxaburueta kalea, eta, kerizpeak hartzen zihoan bidegorritik joan dira Bergara aldera. 30 minutu pasatxoan iritsiko zen lehena. Horren berri bihar, Goiena Komunikazio Taldearen eskutik.