Azaroaren 11ko grebari begira, batzarrak antolatu ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Elgoibarren eta Mendaron

Ainara Argoitia Arano

Hernanin egindako batzarreko argazkia.

Azaroaren 11rako deitutako greba eguna antolatu eta grebarako arrazoiak azaltzeko bilerak antolatu ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Elgoibarren eta Mendaron ostegun eta ostiralerako, hurrenez hurren.

 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuak dira azaroaren 11rako greba erregistratu dutenak, eta hainbat talde eta eragilek agertu diete babesa. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzea eta espekulazioaren kontra egitea exijituko dute egun horretan eta salatu langile klasea pobretzen ari dela eta enpresari eta espekulatzaileen irabazi ekonomikoak, puzten.

Eta greba egun hori antolatzeko, herriz herri ari dira batzarrak egiten Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta -Ermuan eta Deban joan zen astean egin zituzten-. Aste honetarako, beste bi deialdiren berri eman dute, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Elgoibarren, ostegunerako -hilak 5- egin dute deialdia, eta Mendaron, ostiralerako -hilak 6-. Elgoibarren Kultur Etxeko hitzaldi-gelan elkartuko dira, 18:00etan, eta Mendaron, plazan, ordu berean.