Sendo hasi du liga emakumezkoen Haundi taldeak

Asier Orbea Ostolaza

Zazpi jardunaldiren ostean, partidarik galdu gabe dago emakumezkoen Haundi taldea, eta errenkadan irabazi dituen azken lau partidei esker, sailkapeneko bigarren posturaino igo dira.

Haundik Intxaurdi liderrak baino hiru puntu gutxiago ditu Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako sailkapenean, baina Intxaurrondo auzoko taldeak baino partida bat gutxiago jokatu dute elgoibartarrek, Irauli Bostekoren aurka jokatu beharreko partidan atseden hartu baitzuten. Lehiatik erretiratu zen Irauli Bosteko txapelketa hastera zihoanean, dagoeneko egutegia zehaztuta zegoenean. Hortaz, haien aurka jokatu beharreko partidetan atseden hartu beharko dute aurkariek. 

Elgoibartarrek Azpeitian lortu zuten azken garaipena, Lagun Onak taldeari 1-3 irabazita Garmendipen jokatu zuten neurketa. Zuri-gorriak aurreratu ziren markagailuan Ane Calleja Camarak zortzigarren minutuan sartutako golarekin. Azpeitiarrek banako berdinketa lortu zuten partidako 33. minutuan, baina bigarren zatian partida erabakita lagatzeko bi gol sartu zituzten bisitariek: 78. minutuan Eider Caro Epeldek, eta 86. minutuan Ane Miren Gomez Rodriguezek. 
Hurrengo jardunaldian Añorgaren aurka jokatuko du Haundik, Mintxetan, azaroaren 8an. 

Berdinketa Amaikak Baten aurka

Gizonezkoen Haundi taldeak irregulartasun handiagoarekin hasi du liga txapelketa, eta une honetan 11. postuan daude Ohorezko Erregional Mailako sailkapenean, 9 punturekin. Lehen zortzi jardunaldietan bi partida irabazi dituzte, hiru galdu eta hiru berdindu.

Azken jardunaldian Debako Amaikak Bat taldearen aurka jokatu zuten Mintxetan, eta partida bina berdinduta amaitu zen. Etxekoek gainera, gogotik saiatu behar izan zuten, 2-0 galtzen hasi baitziren. Luken Segurolak laugarren minutuan egindako golarekin aurreratu ziren debarrak, eta 11. minutuan etorri zen bisitarien bigarren gola, elgoibartarrek bere atean sartutako gol bati esker izan bazen ere. Haundik 28. minuituan murriztu zuen markagailuko aldea, Julen Guillok 28. minutuan sartu zuen golarekin. Bigarren zatian lortu zuten partida berdintzea, 73. minutuan Salaheddin Chrajranek sartutako golarekin. Hurrengo jardunaldian, astenuruan, Bergarari egingo dio bisita Haundik. 

Haundi eta Amaikak Bat taldeen arteko lehiako une bat. C.D. Elgoibar.