Asfaltatze-lanak direla eta, AP-8ko Deba-Itziar lotunea eta zerbitzugunerako sarbideak itxita egongo dira asteburuan

Nerea Bedialauneta Alkorta

Lanak egin ahal izateko bypass bat egokituko dute autobidean, eta horrek 54. Deba-Itziar lotunean eragina izango du, Behobiako noranzkoan. Larunbatetik igandera, gainera, lotunea eta zerbitzugunerako sarrera eta irteera itxita egongo direla ohartarazi dute. 

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Bidegik AP-8ko zoladura berritzeko lanak egingo ditu asteburu honetan Itziar parean. Zehazki, Behobiako norabideko 56. eta 53,1. kilometro puntuen arteko zatia asfaltatuko dute; gaur (azaroak 6) 21:00etan ekingo diete lanei, eta astelehenera (azaroak 9) arte, 02:00ak arte, luzatuko dira. 

Iragarri dutenez, lanok eragina izango dute zirkulazioan. Besteak beste, gaur gauean ezkerreko bidea itxiko dute Behobiaranzko norabidean, "bypass-a jarri aurreko prestaketa lanak egiteko". 

Eraginik handiena, bihartik etzira

Lanek, baina, bihartik etzira izango dute eraginik handiena. "Hala, bihar, 14:00etatik aurrera, Behobiako norabidean doan trafiko guztia Bilboko norabideko plataformatik desbideratuko da, 56,5. eta 53. puntu kilometrikoen artean". Aurreratu dutenez, neurri hori etzira arte egongo da indarrean, 14:00ak arte. 

Bypass-aren eraginez, 54. Deba-Itziar lotunea (Behobiako norabidean) eta zerbitzugunerako sarrera zein irteera itxita egongo direla ohartarazi dute. Hori dela eta, lotune hori erabiltzea aurreikusita zuten gidariek honako alternatibak erabili beharko dituzte nahitaez:

  • Irteerak: Itziarko irteera itxita egongo denez, Itziarrera, Debara edo Mutrikura joateko asmoa duten gidariek Elgoibarko 64. lotunean irten beharko dute, eta handik N-634 errepidetik jarraitu bidaia.
  • Sarrerak: Behobiako norabidean autobidera sartu nahi duten erabiltzaileek, bestalde, Zestoa-Zumaiako 48. lotunetik sartu beharko dira, haraino N-634 errepidetik gidatuta. 

Bypass-a kendu ondoren (igandean 14:00etan), ezkerreko bidea itxita mantenduko dute 53,5 puntu kilometrikoan, bi noranzkoetan, erdibideko pasabidea ixteko lanak egiteko. Jarduketa horiek igandetik astelehenerako gauean amaitzea aurreikusi du Bidegik, asteleheneko 02:00etarako, zehazki. 

Bidegik, bere aldetik, ohartarazi du lanen ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla, eta eguraldiak edo bestelako gorabeherek aldaketak eragin ditzaketela. Gidariei zuhurtziaz ibiltzeko eta seinaleak nahiz langileen jarraibideak betetzeko eskatu die.