Trantsizio Aktiboa proiektu pilotuari hasiera eman diote gaur Elgoibarren

Ainara Argoitia Arano

Proiektu pilotua da, eta hiru helburu nagusitu ditu: lan-bizitzatik erretirorako trantsizioa erraztea; etapa berri hori modu aktiboan, harreman-sareari eutsiz eta zentzuz bizitzeko tresnak eskaintzea; eta aldi berean, nahi bako bakardadea prebenitzea. Gaur aurkeztu dute Elgoibarren proiektuaren sustatzaile eta babesleek, eta lehenengo prestakuntza-saioa ere gaur jaso dute parte hartzaileek.

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak egin ditu gaur harrerakoak. Aitortu du Trantsizio Aktiboa. Jubilazio aktiboa eta konektatua proiektu pilotua erakundeentzat ere gauza berria dela, baina bete-betean sinisten dutela egiten ari direnean eta nahi luketela Elgoibarren eta Deban hasi dutena beste udalerri batzuetara zabaltzeko moduko esperientzia bihurtzea -15-25 laguneko bi talde osatu dira Elgoibarren eta Deban-. Horretarako lankidetza ezinbestekoa izango dela azpimarratu du, bai eta proiektuan parte hartuko duten norbanako eta eragileen balorazioak ezagutzea ere. Gurrutxagak eskerrak eman dizkie modu batean edo bestean, Trantsizio Aktiboa proiektua babestu duten guztiei, eta baita parte hartuko duten guztiei ere. 

Alazne Txurruka Debako alkateak egin die gero ongietorria gaur Aita Agirreko areto nagusia goraino bete duten guztiei, eta hark ere esker on hitzak izan ditu, bereziki hauentzat. Zahar eta Gazteak elkartearentzat eta SECOTentzat -Lankidetza Teknikorako Seniorrak-, proiektua garatzeko egindako lanagatik;  Gipuzkoako Foru Aldundiari, Adinberri programaren bidez emandako babes eta finantzaketagatik; eta Elgoibarko Udalari, proiektuan parte hartzeagatik eta elkarlanagatik. Txurrukak esan du gaur aurkeztu duten proiektuak helburu bati erantzuten diola:  jubilatu ondorengo bizitzako etapa berriari "ahalik eta modu osasungarrienean, aktiboenean eta aberasgarrienean ekitea". Nabarmendu du jubilazioa aldaketa handia dela pertsona askoren bizitzan, urte luzez egunerokoaren parte izan den lan jarduna amaitzen delako eta horrek denbora, ohiturak, harremanak eta norberaren eguneroko bizimodua berrantolatzea eskatzen duelako. "Aldaketa horrek aukera berriak ekartzen ditu, baina baita zalantzak eta erronkak ere. Horregatik garrantzitsua da trantsizio hori aurrez prestatzea eta prozesu horretan pertsonak lagunduak sentitzea. Izan ere, jubilazio aktiboaz hitz egiten dugunean ez gara ari soilik jarduera fisikoaz edo aisialdiaz. Aktibo egoteak askoz esanahi zabalagoa du: harreman sozialak mantentzeak eta berriak egitea, ikasten jarraitzea, esperientziak partekatzea, interes berriak garatzea eta komunitatearen parte hazten jarraitzea", zehaztu du. Garrantzitsua uste du jubilazioa ez ulertzea lan-bizitzaren amaiera huts gisa, baizik eta bizitzako etapa berri baten gisa, "norberaren gaitasunak, esperientzia eta ilusioak beste modu batean garatzeko aukera gisa".

Esperientzia, "komunitatearen zerbitzura"

Lan-bizitzan pertsonek egiten duten ekarpena ez dela jubilazioarekin amaitzen azpimarratu du Txurrukak, eta funtsezkoa iritzi dio jende horren esperientzia hori guztia "komunitatearen zerbitzura" jartzeari, horretarako belaunaldi ezberdinetako jendearen arteko harremanak sustatuta eta ziurtatuta pertsona guztiek izango dutela, "adina edozein dutela ere", beren herrian parte-hartzeko eta ekarpenak egiteko aukera. "Herri bizigarriak eta kohesionatuak" eraiki nahi baldin badira "pertsona guztien beharrak eta bizi-etapak" kontuan hartu behar direla gaineratu du, eta "bereziki pozgarria" iritzi dio proiektua Elgoibarren eta Deban erakunde ezberdinen elkarlanari esker garatu ahal izateari. Proiektuan parte hartuko dutenei zuzenduta, gehitu du: "Balio dezala honek esperientziak partekartzeko, elkarri entzuteko, ideiak trukatzeko eta etapa berriari begiratzeko modu berriak ezagutzeko".

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak ere bide beretik hitz egin du. Esker on hitzak izan ditu sustatzaile eta babesleentzat eta azpimarra jarri du eragile ezberdinen arteko elkarlanean. Testuingurua zehaztu du Peñak: Foru Aldundiaren Agenda 2020-2030 plana. Plan horren helburu nagusia Gipuzkoa zaintzaren abangoardian jartzea da, gizarte-"politika pertsonalizatuagoak, berritzaileagoak eta partekatuagoak" sustatuta, eta gaur aurkeztu duten proiektuak plan horren osagai guztiei erantzuten diela esan du. Trantsizio Aktiboa Adiberri-hariak laguntzen bigarren deialdiaren baitan sortu dela zehaztu du, lurraldean nahi ez den bakardadea prebenitzeko eta horri heltzeko ekimenak sustatzera berariaz bideratutako deialdiaren barruan. "Fenomeno hori prebenitzeko hainbat deialdiren bidez, Gipuzkoak 1,1 milioi euro bideratu ditu. Baliabide horiei esker, gertuko erantzunak abiarazi, lurraldeko eragileak elkarlanean jarri eta proposamen berriak probatu ditzakegu, emaitzak ebaluatu ondoren pertsona eta udalerri gehiagorengana iristeko aukera izan dezaten", azaldu du.

Nahi gabeko bakardadea saihestean jarri du azpimarra Peñak, bai eta ondoren etorri diren beste hizlariek ere, tartean, Zahar eta Gazte elkarteko presidente Ina Larrañagak, Osakidetzaren izenean aritu den Mirari Elosuak, Secot elkarteko presidente Graciela Imazek eta Etxe-Tar enpresako Giza Baliabideen zuzendari Sol Castillak ere. Prebentzioa ezinbestekoa dela esan dute guztiek, eta fokua jubilazioan jarri dute, hori delako etapa berria hasteko garaia pertsona askorentzat. Larrañagak laburbildu du bere hitzartzean proiektuaren izate nagusia. Zahar eta Gazte elkarteko presidentea da, Lanbide Heziketaren arloan lan egin duten pertsona jubilatuek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartekoa, eta honela esan du: "Guretzat jubilazio aktiboa ez da lelo bat; egunero bizi dugun zerbait da. Eta hain zuzen ere, hortik sortu zitzaigun galdera bat: guri hainbeste ematen badigu ikasten, harremanak izaten eta jardueretan parte hartzen jarraitzeak, zergatik ez eskaini aukera hori beste pertsona batzuei ere?".

Gaur eman diote hasiera egitasmoari, Elgoibarren eta Deban izena eman duten guztiekin, eta 2027ko otsailaren 3an amaituko dute, Deban. Bitarte honetan, banakako online prestakuntza-saioak eta aurrez aurreko laborategiak egingo dituzte, eta gaur izan dute horietako lehenengoa. 

Areto bete lagun batu da gaur Elgoibarren egin duten aurkezpenean. Arg.: Elgoibarko Udala