Sigma Bebe eta bere lagun txikiak ikusgai Makina Erremintaren Museoan

Asier Orbea Ostolaza

Elgoibarko Estarta y Ecenarro enpresaren ikurra eta produktu izarra izan zen Sigma josteko makina. 1946 eta 1995. urteen artean milioika saldu zituzten mundu osoan, eta enpresak izan zuen katalogo zabalean leku berezia du Sigma Bebe izeneko modeloak, bitxienetakoa izan zelako. 

1959. urtean merkaturatu zuten umeentzako josteko makina, baina ez zen haiek jolasean ibiltzeko sortua izan. Miniaturazko josteko makina bat zen, nes- katoentzako lehen makina funtzionala izateko pentsatua, kutsu matxista nabarmena zuena, garai hartako jostailuek bezala. Amak bezala, nik ere Sigmarekin josten dut, zioen 1963. urteko Sigma josteko makinen erakusketa baten irudian ikus daitekeen iragarkiak –beheko irudian–. Etxekoandreak izateko hezten zituzten neskatoak josten trebatu nahi zituzten, umetatik.

Erakusketa, museoan

Umeentzako josteko makinak ekoizteko ideia hura, baina, ez zuen Estarta y Ecenarrok asmatu, eta ez zen garaiko bizimodua baldintzatzen zuen frankismora mugatutako joera. Singer izan zen aitzindaria, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) josteko makinen marka ospetsuak 1910. urtean atera zuen umeentzako lehen josteko makina. Hurrengo hamarkadetan joera zabaldu eta biral bihurtu zen, josteko makinak ekoizten zituzten munduko marka ia guztiek atera baitzuten berea. Gipuzkoara ere ailegatu zen olatua, Arrasaten, Eibarren (Alfa) eta Elgoibarren (Sigma) ekoitzi baitzituzten umeentzako josteko makinak.

Mara Barrutia eta Rafa Zulaika, Makina Erremintaren Museoan prestatu duten erakusketan. BARRENA

Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan Sigma izeneko areto bat dute, eta hantxe dute ikusgai marka eta jatorri askotariko hogei makina txikirekin osatu duten bilduma "txiki bezain interesgarria", antolatzaileen esanetan. Sigma Bebe eta bere laguntxoak izena jarri diote Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu duten erakusketari.

Aitortza eta hausnarketa

Astelehenean zabaldu zuten, eta abenduaren 18ra arte egongo da zabalik, museoaren ohiko ordutegian: 10:00-13:00 eta 15:00-17:00, astelehenetik ostiralera. Sarrerak 5 euro balio du. Josteko makina txiki haien ezaugarri teknologiko, sozial eta estetikoei balioa emateaz gain, haiek sortu zituzten euskal industriei aitortza egitea da antolatzaileen helburua. Eta, horrekin batera, jostailuen munduaren eta genero-rolen arteko loturaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute. 

Mahai-ingurua azaroaren 12an

Ildo horretan, beste bi ekimen ere antolatu ditu museoak: batetik, mahai-inguru bat eta kontzertu bat prestatu dute azaroaren 12rako, 18:30ean. Josteko makinak: ondarea gure eskuetan izenburua izango du solasaldiak, eta bost museotako ordezkariek hitz egingo dute: Cristobal Balenciaga Museoa, Armagintza Museoa, San Telmo Museoa, Gordailua eta Makina-erreminta Museoa. Doakoa den arren, aldez aurretik izena eman behar da: 688 76 44 76 edo museoa@museoa.eus. 

Familia bisita, azaroaren 14an

Bestetik, azaroaren 14rako tailer bat antolatu dute: Familia bisita: ondarea gure eskuetan. Familientzat bereziki pentsatutako ekimena dela aurreratu dute. 10:30etik 13:30era egingo dute. Doakoa izango da.

Erakusketaren abiapuntua

Museoan Sigma Bebe modeloko bi pieza zituzten, bata bestea baino egoera hobeagoan. Haien jatorria aztertzen hasi ziren museoko arduradunak, hori baita museoen zeregin nagusietakoa eta ikerketa horretan du abiapuntua antolatu duten erakusketa honek. Sigma bebe modeloaren hirugarren pieza bat ere eskuratu dute, Bartzelonatik. Han bizi zen neska baten erregeetako erregaloa izan zen eta berria moduan dago. Rafa Zulaikak goiko bideoan azaltzen du egoera on horren arrazoia zein den.