Almendraren Konkista lasterketa irabazi du Idoia Nogalesek

Asier Orbea Ostolaza

Idoia Nogales pozik Almendraren Konkista lasterketa irabazi eta gero. Arg: Stuart Macdonald.

Gasteizen jokatzen duten lasterketa herrikoi eta solidarioa da Almendraren Konkista.

Arabako hiriburuko erdigune historikoak duen almendra itxuratik datorkio izena probari, eta almendra horretan aritu ziren antxitxika proban parte hartu zuten lagunak, eraikin historikoen artean eta galtzada-harrien gainean korrika eginez. Aldapa gogor bat edo beste ere bazituen ibilbideak.
Santa Maria katedralaren aurrean hasi eta bukatu zuten Almendraren Konkista proba. 1.000 atletatik gora lehiatu ziren lasterketak zituen bi distantzietan (5 eta 10 km), 634 gizonezkoak eta 437 emakumezkoak.

Emakumezkoetan Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkari Idoia Nogales izan zen azkarrena. 18 minutu eta 11 segundoan osatu zuen 5 kilometroko ibilbidea, probako errekorra ezarriz. Hirugarren edizioa izan zen azaroaren 1ean jokatu zutena. Emakumezkoen podiuma Estíbaliz Armentiak eta Irati Mintegik osatu zuten.

Helburua: Gasteizko maratoi erdia

Idoia Nogalesek 10 kilometroko distantzian hartu zuen parte iaz eta aurtengoan motzagoan lehiatzea erabaki zuen. Atleta debarra Gasteizko erdi maratoirako prestatzen ari da, eta hura prestatzeko kalitatezko entrenamendu modura ere hartu zuen proba. Abenduaren 20an izango da Gasteizko maratoi erdia.