9.000 saski osatu ditu Errigorak auzolanean

Ainara Argoitia Arano

Boluntarioak Errigorako kutxak osatzen. Arg.: Errigora

300 boluntario baino gehiagok parte hartu zuten zapatuan Errigorako saskiak prestatzeko Ablitasen egin zuten kanpainan. Azaroaren 12a da eskaerak egiteko azken eguna, baina dagoeneko 9.000 kutxa prest dituzte banatzeko.

Oinarri, Euskal Herria, eta tresnatzat auzolana duen ekimena da Errigora. Nafarroa hegoaldeko produktuak eskaintzen ditu, eremu horretako elikagaiei bidea egitea duelako helburuetako bat, baina aldi berean, euskarari arnasa eta bultzada ere ematen dizkio ofiziala ez den eremuan. Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina honen baitan hiru motatako saskiak eskaini dituzte. saski beltzak 60 euro balio ditu, saski berdeak 65 euro eta saski gorriak 75 euro. Erosleak edozein aukeratzen duela ere, kutxaren kostuaren %25 zuzenean euskararen alde ari diren kolektiboetara bideratuko du Errigorak. AEK, Nafarroan eremu ez-euskaldunean dauden ikastolatera eta euskara sustatzeko hainbat herritan martxan diren herri proiektuetara iritsiko da diru hori.

Eskaerak egiteko sartu Errigoraren webgunean. Saskiak, berriz, herrietako batzordeetan ari diren boluntarioek banatuko dituzte gero, eta egunak lotu ahala, zehaztuko dute non eta noiz.

Saskiak osatzeko kanpainan parte hartu zuten boluntarioak, zapatuan. Arg.: Errigora.