Datuei begiratuz gero, argi ikusten da etxebizitzaren egoeraren ezaugarriak asko aldatzen direla herri batetik bestera; esaterako: pisua erosteko prezioak, etxebizitza ez-nagusien kopurua alokairuaren kostua, edota babes publikoko etxebizitza eskuratzeko aukerak.
Datuak, herriz herri
Etxebizitza kopuruari erreparatuz gero –Eustat, 2024–, Debabarreneko zortzi udalerrietan 36.225 etxebizitza zenbatu dira. Horietatik %85, 30.859, etxebizitza nagusiak dira –bizileku nagusia–, eta %15, 5.318, ez-nagusiak. Hain zuzen, etxebizitza ez-nagusi dira etxebizitza hutsak eta bigarren bizileku gisa edo puntualki erabiltzen direnak. Kostaldeko herrietan handiagoa da ohiko bizileku gisa sailkatuta ez dauden etxebizitzen proportzioa: Deban %25 eta Mutrikun %23. Atzetik daude barnealdeko herri txikiak –Mallabian eta Mendaron %20, Soraluzen %18–, eta, azkenik, herri handiak –Elgoibarren %14, Eibarren %13 eta Ermuan %9–.

Etxebizitzen salmenta prezioari dagokionez –RealAdvisor, 2026ko iraila-urria–, Deba da bailaran metro karratuko preziorik garestiena duen udalerria: 3.387 euro/m². Atzetik datoz Mutriku –3.158 euro–, Eibar –2.657 euro–, Ermua –2.511 euro–, Elgoibar –2.419 euro–, Mendaro –2.047 euro–, Mallabia –1.971 euro– eta, azkenik, Soraluze –1.507 euro–. Deigarria da Debako eta Soraluzeko batez besteko prezioen artean dagoen aldea: 1.880 euro/m². 80 m²-ko balizko etxe batean, aldea 150.000 eurotik gorakoa litzateke.
Alokairu prezioari dagokionez ere –Eustat, 2024–, Debak du metro koadroko batez besteko preziorik altuena: 9,4 euro/m² hilean, hau da, 564 euro 60 m² etxebizitza batean. Eibarren 8,9 euro/m² dira –534 euro 60 m²–, Mallabian 8,4 –504–, Ermuan 8,2 –492–, Mutrikun 8,1 –486–, Elgoibarren 7,9 –474– eta Mendaron 7,5 –450–. Soraluzeren kasuan, ez dago ofizialki udalerri mailako kopuru konparagarririk argitaratuta. Eustaten datuak ofizialki alokairuan dauden etxebizitza-parkeari buruzkoak dira, baina sareko plataformetan egiten diren unean uneko eskaintza askoren prezioak bestelakoak dira. Nahikoa da sarean bilaketa azkar bat egitea alde hori baieztatzeko. Horrela, adibidez, ikusten da momentuan dagoen eskaintzarik merkeena hilean 645 eurokoa dela, Mutrikun 50 m² eta hiru logela dituen etxebizitza bati dagokiona. Gainerako eskaintzak prezio horretatik gora daude: 745 euro Elgoibarren –60 m²–, 780 euro Soraluzen –89 m²–, 800 Ermuan –55 m²-ko estudioa– eta Mendaron –48 m² eta logela bakarra–, 850 euro Eibarren –50 m² eta logela bakarra– eta 1.100 euro Deban –90 m² eta bi logela–. Era berean, aipagarriak dira badirela logela soilik eskaintzen duten iragarkiak, eta, gainera, horietako zenbaitetan etxejabeak ohartarazten du maizterrak ez duela erroldatzerik izango. Debabarreneko etxe-agentzia nagusietako eskaintzetan, berriz, ez dago alokairuan eskaintzen den etxebizitzarik.
Gaur egun, alokatuta dauden etxeen datuei erreparatuta –Eustat–, berriz, Debabarrenean, bataz beste, etxebizitzen %11 daude alokairura bideratuta. Eibarren dago etxe gehien alokatuta, %13, eta Soraluze dator atzetik, %11rekin. Alokairuko etxerik gutxien, berriz, Mallabian eta Mendaron daude, %7.
Etxebizitza parkearen antzinatasunean ere aldeak daude. Zaharrenak Eibarko etxebizitzak dira; batez beste, 59 urte dituzte. Jarraian datoz Mallabikoak, 56 urterekin, eta Soraluzekoak, 54 urterekin. Berrienak direnak, berriz, Elgoibarkoak –46, batez beste– eta Mutrikukoak –45– dira.
Etxebizitza bulegoa
Debegesak, udalekin lankidetzan, Etxebizitza bulego ibiltaria izeneko ekimena du martxan, etxejabeei etxeak alokairuan jartzeko programa publikoen eta birgaitzeko laguntzen gaineko informazioa eskaintzeko, baita eraginkortasun energetikoa handitzeko zerbitzua ere: 943 82 01 10 / 675 87 38 53.