Ermuak, Eibarrek, Soraluzek eta Debak eremu tentsionatu izendatzea eskatu dute

Egoitz Unamuno Loidi

Etxebizitza adosatuak Deban. Argazkiak: Nerea Bedialauneta. 

Debabarrenean, lau udalek eskatu dute eremu tentsionatu izendatzeko eskaera. Debako, Ermuko eta Soraluzeko Udalek udalerri osoari dagokiona eta Eibarko Udalak, auzo batzuetakoa: Azitain, Urkizu eta Txonta. Herri bakoitzeko problematikak ezaugarri ezberdinak ditu.   

Ermuan, gazteek emantzipatzeko zailtasunak

Rosi Cid Ermuko alkateorde eta Hirigintza zinegotziaren esanetan, etxebizitzaren gainekoa da Ermuan duten kezka "nagusienetakoa. Jabetzen gara gero eta zailagoa dela etxebizitza lortzea; batez ere, emantzipatu eta euren bizi-proiektua hemen garatu nahi duten gazteentzat. Ez dugu nahi inork Ermutik alde egin behar izaterik ordain dezakeen etxebizitza bat ez aurkitzeagatik". Hala, Cidek azaldu du Ermuko Udalak hainbat neurri hartzen diharduela aukerak zabaltzeko: "Betiondon 80 dotazio-apartamentu eta Idesan babes ofizialeko beste 32 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita. Gainera, Udaletik Eusko Jaurlaritzari Gurecheako eremua eskaini diogu".  

Ermua eremu tentsionatu izendatzeko eskaerari dagokionez, alkateordearen ustez, "erabaki garrantzitsua izan da etxebizitza eskuratzeko arazo bat dugula aitortzea eta horri aurre egiteko tresnak behar ditugula onartzea". Ohartarazi du izendapenak ez dituela arazo guztiak konponduko", baina, haren ustez, "ahalbidetu dezake, legeriak jasotako kasuen barruan, eta etxebizitza eskuragarria bermatzera bideratutako politika publikoak sendotzea". 

Deban, prezio garestiak eta udako erabilera 

Alazne Txurruka Debako alkatearen esanetan, etxebizitzaren arloko arazo nagusiak dira "prezioen igoera eta urte osorako alokairuko etxebizitzen eskaintza urria". Euskal kostaldeko beste herri askotan bezala, "etxebizitza ugari udan, oporraldietan edo asteburuetan soilik erabiltzeak zaildu egiten du herritarrek urte osoan bizitzeko etxebizitza bat aurkitzea". Udalaren datuen arabera, Deban 655 etxebizitza daude inor erroldatu gabe.  

Egoera horri aurre egiteko, Udalak bi jarduera-ildo nagusi ditu: etxebizitza berriak sustatzea eta Deba bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea. Lehenengoari dagokionez, Udalak aurten tasatutako 38 etxebizitza esleitu ditu, eta, horrez gain, aurreikusten du babes publikoko etxebizitza gehiago egitea Amillagako eremuan.   

Bestalde, Txurruren ustez, Deba eremu tentsionatu izendatzea "funtsezko tresna izan daiteke datozen urteetako etxebizitza-politika garatzeko". Ildo horretan, azpimarratu du Udalak gaur egun %75eko errekargua aplikatzen diela etxebizitza hutsei ondasun higiezinen gaineko zergan, merkatura ateratzeko "pizgarri" gisa. Alkatearen esanetan, neurri guztion helburua da "herritarrek Deban bizi izateko aukera izatea". 

Soraluzen, etxebizitza zaharrak eta espekulazioa

Unai Larreategi alkatearen arabera, azken 15-16 urteetan Soraluzen ez da etxebizitza berririk eraiki. "Etxebizitzen prezioak eta salmenta-irabazien marjinak behera egin dute Soraluzen, eta promotoreentzat errentagarriagoa da beste herri batzuetan eraikitzea", azaldu du Larreategik. Bestetik, azken hiru urteetan alokairuko prezioak "bikoiztu" egin direla salatu du: "Lehen hirurehun-laurehun eurotan zeudenak orain zazpiehun edo zortziehun eurotan daude". Gainera, alkatearen esanetan, "dinamika bat sortu da etxe zaharren inguruan; espekulazioa, alegia: herritar batzuek etxe zaharrak erosten dituzte, konpondu gabe oso prezio garestietan alokatzeko baliabide gutxi duen jendeari”.  

Horren harira, Udalak tramiteak hasi ditu Soraluze eremu tentsionatu izendatzeko, eta datozen hiru urteetarako plana prestatzen dihardu, baina, Larreategiren esanetan, "arazoa lurraldea antolatzeko eredutik dator, eta benetako konponbideak ere Lurralde Antolaketako ardura duen erakundearen eskutik etorri behar luke: Eusko Jaurlaritzarengandik". Alkateak espero du datozen hilabeteetan hastea Pascual Churrukan Jaurlaritzak egingo dituen 30 etxebizitzak, eta lanean dihardu Oleako gunea eraldatu eta etxebizitza berriak egiteko.