Zer da Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta zeintzuk dira zuen funtzioak?
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren tresna bat da. Gure funtzio nagusiak etxebizitzaren problematikari aurre egiteko antolatzea eta kaltetuei horretarako tresnak ematea dira. Horrez gain, lan politiko eta ideologikoa ere egiten dugu, problematikaren benetako oinarriak agerian utziz, sozialismoaren aldarria egin eta konponbideak eraikitzeko.
Zein da etxebizitzaren inguruan egiten duzuen oinarrizko analisia?
Gaur egun etxebizitza espekulaziorako eta dirua ateratzeko bide gisa hartzen da. Baina, etxebizitzak ezin du negoziorako izan, eskubide bermatua izan behar du, osasuna eta hezkuntza diren bezala. Bizitzaren garestitzea eguneroko errealitate dugun honetan, langileok, soldataren zati geroz eta handiago bat etxebizitzara bideratzera derrigortuta gaude, bizi kalitatea kaskartuz eta bizilekurik gabe gelditzeko arriskupean bizitzea normalizatuz.
Zenbat kasu kudeatzen dituzue urtero? Zein motatako kasuak heldu ohi zaizkizue?
Telefono bidezko aholkularitza azkarrekin konpontzen diren kasuez gain, 30 eta 50 kasu ingururi egiten diegu jarraipena urtero. Kasu guztien inplikazioak ez dira berdinak. Adibidez, Arrasateko “LaCaixako” etxe blokean 148 etxebizitzari eragiten dien auziak askoz zailtasun eta hari mutur gehiago ditu padroiarekin arazoak dituen Mendaroar familia baten kasuarekin alderatuz.
Datu orokorrei begiratuta, iristen zaizkigun kasuen %60,5 etxegabetzeei lotuta daude. Gehienak, kontratu amaieragatik. %17 kontratu aldaketei dagokie, batez ere prezio igoerei. Gehienetan, egoera oso zaurgarrian dauden pertsonak etortzen zaizkigu: bereziki emakumeak eta pertsona arrazializatuak. Gainera, laguntza eskatzen duten 10 emakumetik 1 indarkeria matxistaren biktima da. Kasu hauek larritasun berezia dute, izan ere, askotan ez dago etxebizitza alternatiba publikorik eta derrigortuak daude euren erasotzailearekin bizitzen jarraitzera. Gure eskualdean ere urgentziazko etxeen kopurua oso urria da dauden beharrak asetzeko.
Eskualdeari begira jarraituz zein irakurketa egiten duzue?
Eskualdean errealitate ezberdinak ditugu. Kostaldean prezioak oso altuak dira eta askotan aukerarik ere ez dago. Gazteak eta langile familia pobreenak herritik alde egiten ikustera ohitu gara. Beste batzuetan uda heltzen denero joateko konpromisopean alokatzea eskaintzen dizute –legezkoa ez dena-- eta hilean milaka euro poltsikoratzen ditzutze hilabete horietan.
Barrukaldera biztanleria handiagoko herriak ditugu, Gipuzkoako soldata baxuenetakoekin. Hala ere, jabe batzuek etorkinen zaurgarritasuna aprobetxatzen dute gelak 500 euroan edo gehiagoan eta beltzean alokatzeko. Familia bat gela bakoitzean, beste bat egongela zenean eta extra bat enpadronatu ahal izateagatik. Sukaldea erabiltzeko plusa kobratzera heldu diren kasuak ere iritsizaizkigu.
Zein balorazio egiten duzue instituzioek hartzen dituzten neurriez? Adibidez, eremu tentsionatuak izendatzeaz?
Orokorrean, instituzioetatik ezgauzak dira merkatuaren logika irrazionaletik kanpo neurriak pentsatzeko. Euren neurriak eta dekretuak "ogi apurrak" baino ez dira. Gehienetan, errentisten eta etxe-jabeen irabaziak bermatu edo handitzearen bidez “eskaintza” indartzen saiatzen dira. Erraztasun fiskalak, diru laguntzak eta abar emanaz. Etxebizitzaren negozioak eragindakoa etxebizitzaren negozioa indartuz konpondu nahi dute. Plan bikaina inondik inora ere.
Eremu tentsionatuekin, aldiz, ikus dezakeguna da nola igoera mugatu nahi duten "onargarritzat" jotzen den espekulazio maila bat ezarriz edo. Muga hori pasatzean soilik hartzen dira neurriak, neurri epelak. Eta urte batzuen buruan bertan behera geldi daitezke “igoera onargarria” izatera pasa bada. Gainera merkatuaren dogmak dioenez –eta indizioek arrazoia ematen diotela dirudi- jabeek “eskaintza” murrizten dute irabaziak gutxiago direnean. Oraingoz eremu tentsionatuenak udal ezberdinek zerbait egiten dutenaren bandera astintzeko balio du batez ere. Ez dira gutxi egungo kontestu mediatikoa aprobetxatu dutenak neurri hau hartu izana haizatzeko.
Zeintzuk dira zuek proposatzen dituzuen neurriak?
Anbizio eta seriotasun gehiagoko neurriak oro har. Erradikalak. Azken hilabeteotan 3 jarri ditugu mahai gainean batez ere:
Espekulatzaileen jabetzak desjabetzea, etxeak metatuta dituzten eraikitzaile eta espekulatzaileei jabetzak kenduz, konpentsaziorik gabe. Baita banketxeen hipotekak eta antzekoak ere.
Espekulazioa debekatzea, etxebizitzarekin negozioa egiteko jarduerak legez kanpo utziz. Hala nola garestiago saltzeko edo alokatzeko erostea, izan logelaka alokatzeko izan etxebizitza turistiko gisa merkaturatzeko edo dena delakorako.
Hori guztiaren ondoren, etxebizitza parkearen nondik norakoak behar sozialen arabera planifikatzea, eraikuntza eta erreabilitazio enpresa publikoen bidez lagunduz beharrezkoa den kasuetan. Gure ustez, hau izan daiteke modua hitz hutsez haratago joan eta etxebizitza benetan eskubide bermatua izan dadin.