Zornotzan domekan jokatu zuten lasterketarekin hasi eta urtarrilaren 2an Gorlizen jokatuko dutenarekin osatuko dute Euskal Herriko Zikro-Kros Txapelketako zirkuitua, baina hasi behintzat, dotore hasi dute Debabarreneko txirrindulariek. Elitean, Aitor Hernandez ermuarrak irabazi zuen lasterketa. 55 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Aitorrek lasterketa osatzeko. Arkaitz Suso Arakama (Bertako Spiuk Birzi) sailkatu zen bigarren postuan (00.56.07) eta Jon Munitxa Arrindak, Orbea Sportekoak, egin zuen hirugarren (00.56.08).
Nolako zura, halako ezpala' dio esaerak eta beti ez da beteko, baina hernandeztarrenean, bai. Izan ere, aitaren bide beretik, Telmo Hernandez izan zen azkarrena, kadeteetan. Colindresen (Kantabria, Espainia) bigarren egitetik zetorren, eta bera izan zen abilena Zornotzan, 00.37.49ko denboran bukatuta proba. Bederatzi segundoko aldea kendu zion Telmok bigarren sailkatu zen Oihan Marcos Joaquini (Mendiz Mendi Taldea). Kadete gizonezkoen podiuma Izozmendi taldeko Ioritz Catalana Valenciak egin zuen (00:37:37). Telmo Hernandez ez zen, hala ere, kadeteetan lehiatu zen debabarrendar bakarra izan. Elgoibarko Besa-Geminis taldeko Markel Diaz Vargas arrasatearrak hamahirugarren egin zuen (00.39.49) eta hogeitabigarren postuan sailkatu zen talde bereko Zugatz Iraolagoitia mendaroarra (00.40.50)
Enaitz Iraolagoitia bigarren, juniorretan.
Jubeniletan ere emaitza onak eskuratu zituzten debabarrendarrek. Enaitz Iraolagoitia mendaroarrak, esaterako, bigarren egin zuen Besa-Geminis taldearekin jokatu zuen azkeneko lasterketan -Elgoibarko Lagun Taldeko txirrindularia izan dena Oiartzungo Txirrindulari Elkartearekin lehiatuko da aurrerantzean, JRG Coloma mailotarekin-. Sei itzuli eman behar izan zizkioten jubenilek zirkuituari eta 00.39.46ko denboran osatu zuen ibilbidea Iraolagoitiak, lasterketa irabazi zuen Amets Fernandez Baradok (Bizkaia Cycling Academy) baino hogeita hamar segundu gehiagoan. Podiuma Ibai Sasigain Martinez de Cestafek osatu zuen (Bertako Spiuk Birzi).
Hain justu ere, podiumetik koska batera gelditu zen Danel Garaizabal elgoibartarra, Oiartzungo Txirrindulari Elkartearekin lehiatzen ari dena (00.39.42). Eneko Lameiras Fernandez eibartarra (Eibarko Klub Deportiboa) ere txukun ibili zen oso, eta hamabigarren sailkatu zen Zornotzan (00.41.33).
Azibar Iraolagoitia, bosgarren, Master 50-60 kategorian
Esan dugu lehen ere, nolako zura halako ezpala esan ohi dela, eta betetzen da Mendaroko Iraolagoitia aita-semeen kasuan ere, kasu horretan semea aitari aurrea hartuta baldin badabil ere, gaztetasuna gorabehera. Jubeniletan bigarren egin zuen Enaitz Iraolagoitiaren aitak, Azibarrek, bosgarren postua eskuratu zuen Master 50-60 kategorian.
Beste zazpi proba
Zornotzakoarekin hasi zuten Euskal Herriko Ziklo-Kros Txapelketa eta urtarrilaren 2an Gorlizen jokatuko dutenarekin amaituko dute. Tartean, zazpi proba jokatuko dituzte: Tolosan, domekan, azaroaren 22an; Abadiñon, azaroaren 28an; Elorrion, azaroaren 29an; Gabirian, abenduaren 12an; Seguruan, abenduaren 13an; Ataunen abenduaren 19an, eta Lezaman, abenduaren 20an.