Hamabi udaltzain kontratatzeko deialdia zabalik Elgoibar, Eibar eta Ermuan

Asier Orbea Ostolaza

Udaltzaingoetarako eta Ertzaintzarako 593 lanpostuko lan eskaintza publiko baterako deia egin dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Eudelek. Lanpostu horietako 430 Ertzaintzakoak dira, eta 163 udaltzaingoetan betetzekoak. Debabarreneko herriei ere eragiten die eskaintzak.

Euskal Poliziaren zazpigarren deialdi bateratua izango denak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 37 udalerritan udaltzain izateko 163 plaza eskaintzen ditu; horietatik bost Eibarrerako, lau Elgoibarrerako eta hiru Ermurako. 

Hautagaitza aurkeztu nahi dutenek azaroaren 26ra arteko tartea izango dute horretarako; zehaztu beharko dute prozesua euskaraz edo gazteleraz egin nahi duten. Era berean, baieztatu beharko dute gutxienez batxilergoko titulua edo baliokidea dutela, 18 eta 38 urte artean dituztela, eta lortu asmo duten postuari lotutako baldintzak betetzen dituztela.

Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu. Lehena, oposizio fasea, non bost proba gainditu beharko dituzte: bi azterketa psikotekniko —horietako bat funtzioari dagozkion gaitasunei lotua—, ezagutzei lotutako beste bat, gaitasun fisikoko proba bat eta elkarrizketa pertsonal bat.

Prozesuaren bigarren zatia "lehiaketa fasea" izango da. Hartan, merezimenduak baloratuko dituzte, hizkuntza eskakizunak barne. Hala, oposizioaren fase guztiak gainditzen dituztenak praktiketako funtzionario izendatuko dituzte, eta bederatzi hilabeteko ikastaro bat egingo dute Arkautiko akademian. Horren ostean, praktikaldia hasiko dute.

Segurtasun Sailaren helburua da 2030erako 8.000 ertzain izatea eta kopuru horri eustea gerora, "herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorra eskaintzeko", Bingen Zupiria sailburuak deialdiaren aurkezpenean azaldutakoaren arabera. Egun, 7.150 inguru daude, horietako seiehun praktiketan.

Era berean, Esther Apraiz EUDELen presidenteak nabarmendu zuen honen moduko deialdiak funtsezko tresnak direla “udaltzaingoen plantillak indartzeko, belaunaldien arteko erreleboa errazteko eta udalerrien beharrei erantzuna emateko”. (informazio osoagoa hemen)

Euskararen ezagutza

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazpena egin du ertzain eta udaltzain izateko Jaurlaritzak egin duen lan deialdiko postuen %21etan ez dutela euskara eskatu, argitaratutako 593 lanpostuetatik 127k (% 21,41ek) derrigortasun data iraungi gabe dutela, alegia. Era horretan, euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiek ere lanpostuak eskuratu ahalko dituzte. Zehazkiago esanda, Ertzaintzako 430 agente plaza betetzeko deialdian, 86k derrigortasun data iraungi gabe dute. Hainbat herritako 163 agenteren plazetatik, berriz, 41ek. Euskararen ezagutzarik gabe lanpostua eskuratzeko aukera eskaintzen duten udalak hauek dira: Balmaseda (lanpostu 1), Barakaldo (4), Basauri (1), Bilbo (15), Getxo (1), Irun (3), Muskiz (1), Portugalete (1), Sestao (4) eta Gasteiz (10).