Paula Calvok hirugarren postua lortu du Espainiako igeriketa txapelketako B finalean

Asier Orbea Ostolaza

Espainiako igerilari onenen topalekua izan zen Madrideko M-86 Igeriketa Zentroa, aurreko asteburuan. 140 bat taldetako 706 igerilari lehiatu ziren senior mailako Espainiako neguko igeriketa txapelketan, eta horien artean zen Paula Calvo Villalobos elgoibartarra. 

Eibar Igerixan taldea ordezkatu zuen igerilari elgoibartarra hiru probetan lehiatu zen Espainiako txapelketaren 69. ekitaldian; 50 metroko eta 200 metroko distantzietan, bizkar estiloan, eta 200 metro libretako proban. 

Bizkar estiloan lortu izan ditu orain arteko emaitzarik onenak eta oraingoan ere halaxe izan zen, zehazki 200 metro bizkar estiloan lortu zuen posturik onena. Sailkapenean 13. postua eskuratu zuen  2:16.31ko denborarekin. Hortaz, finalerako sailkatzerik lortu ez bazuen ere, B finalean lehiatu zen. Hor, hirugarren postuan sailkatu zen, 2:13.98ko denbora eginda. Hau, da, orohar 11. postua eskuratu zuen.

Hugo Gonzalezekin batera txapelketako izarretako bat zen Carmen Weiler Sastrek, egungo Europako txapeldunak, irabazi zuen urrezko domina 200 metro bizkar estiloan, 2:05.37ko denbora eginda. Aita alemaniarra eta ama valentziarra dituen Weillerrek du, hain justu, distantzia honetako Espainiako errekorra, 2:01.66, iaz Polonian jokatutako Europako Txapelketan lortua. Halere, ez zuen aurten Pekinen jokatuko duten Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortu (2:04.62).

50 metro bizkar estiloko proban 36. postuan sailkatu zen Paula Calvo ( 29.54), eta 33. postua eskuratu zuen 200 metro libreko proban ( 2:05.49).

Parte hartutako proba guztietako emaitzak kontuan hartzen dituen sailkapen orokorrean 102. postua eskuratu zuen igerilari elgoibartarrak. Emakumezkoetan Kylie Masse kanadarra izan zen txapelketako igerilari osoena, eta gizonezkoetan Terrasa taldeko Luca Hoek Le Guenedal.