Eusko Jaurlaritzak Kutxabanken partaidetza osoa duten bi sozietateren jabetzako 57 etxebizitzaren salerosketa-eskritura formalizatu du gaur. Jakinarazi dutenez, etxebizitza horiek Alokabidek kudeatutako ondare publikoaren parte izango dira aurrerantzean. Operazioaren zenbatekoa 5,7 milioi eurokoa da —100.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko—, eta higiezin libreok bizitegi-parke publiko bihurtzea ahalbidetuko du, baita alokairu sozialerako modu iraunkorrean erabiliko direla bermatzea ere, hirugarrenekin adostutako akordio edo hitzarmenen indarraldiak baldintzatuta egon gabe. Era horretan, etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzeko ahalmen handiagoa izango duela zehaztu dute arduradun politikoek, eta horrela egonkortasuna ematen dietela etxe horietan bizi diren pertsonei.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu eta Alokabideko presidente Denis Itxasok, Kutxabankeko Higiezinen Negozioko zuzendari Ibon Imatzek eta banketxe horretako Higiezinen Negozioko arduradun komertzial Iñaki Munduatek sinatu dute salerosketa. Akordioak aurreikusten du Harri Iparra S.A.U.ren jabetzako 20 etxebizitza eta Harri Inmuebles S.A.U.ren jabetzako beste 37 etxebizitza eta, hala dagokionean, horiei atxikitako eranskinak erostea.
Etxebizitza libreak dira eta hiru lurralde historikoetako udalerrietan banatuta daude. Araban, higiezinak herri hauetan daude, besteak beste: Urkabustaiz, Araia, Gasteiz, Oion, Bastida eta Artziniega. Gipuzkoan: Eibar, Elgoibar, Irun, Beasain, Ordizia, Donostia, Errenteria, Arrasate, Azkoitia, Lazkao, Elgeta eta Urretxu. Bizkaian, operazioak Bilbo, Barakaldo, Basauri, Galdakao, Ermua eta Karrantza artean banatzen ditu etxebizitzak.
57 higiezin horiek erosita, dagoeneko 733 etxebizitza erosi dizkie Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan hainbat erakunderi: 510 Benta Berri auzoan (Donostia), Testari; 148 Arrasaten, La Caixari, eta 18 Errenterian, Jauregizarri.