Noiz sortu zen elkartea?
2022ko martxoan egin genuen publiko taldearen sorrera, nahiz eta aurretik, urtebete inguru lehenago, lanean hasita geunden. Elkartea 2022ko uztailaren 28an inskribatu zen ofizialki Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan.
Zein helbururekin?
Elgoibarko bertako basoa berreskuratzea eta sustatzea da gure helburu nagusia, landare eta animalia-espezieentzako bizilekuak sortuz, biodibertsitatea mantenduz eta udalerriaren ingurumen-kalitatea hobetuz.
Noiz hasi zineten landaketekin, eta non?
Landaketa-jarduerak 2022-2023ko neguan hasi genituen. Urte hauetan Muskiritzuko magaletan zentratu gara.
Landatutako zuhaitzak
- 2022-2023: 1.895
- 2023-2024: 2.697
- 2024-2025: 2.231
- 2025-2026: 2.436
Guztira: 9.259 zuhaitz.
Zenbat hektarea kudeatzen dituzue?
Guztira, 59 hektarea inguru kudeatzen ditugu. Horietatik 15,2 hektarea elkartearen jabetzako lursailak dira, eta 43,74 hektarea jabe partikularrekin sinatutako kudeaketa-hitzarmenen bidez kudeatzen ditugu.
Hitzarmen horiek 23 lursail eta 10 lur-jabe hartzen dituzte.
Bertako zer zuhaitz-espezie landatzen dituzue, eta zergatik?
Ondorengo zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatu ditugu orain arte:
- Pagoa
- Haritz kankuduna
- Lizar arrunta
- Haritz kandugabea
- Astigar arrunta
- Urkia
- Gereziondoa
- Gaztainondoa
- Lertxuna
- Zuhandorra
- Elorri zuria
- Basaerramua
- Arbustu arrunta
- Sagarmina
- Elorri beltza
- Makatza / Udareondoa
- Intsusa beltza
- Otsalizarra
- Ezki hostozabala
- Hagina
- Zumalakarra
- Hostazuria
- Gaukarra
- Basagurbea
- Marmaratilla
- Otsagereziondoa
Bertako jatorria bermatuta duten landareak erabiltzen ditugu. Inguruko zuhaitzen haziak ere bildu izan ditugu, bertako basoen aberastasun genetikoa zaintzeko.
Espezie autoktonoak aukeratzearen helburua inguruko baldintza ekologikoetara egokitutako baso-ekosistema berreskuratzea da, bertako faunarentzat elikagaiak eta babeslekuak eskainiz.
Urte hauen ondoren, aldaketa begi-bistakoa da?
Bai, urte hauetan aldaketa nabarmena izan da. Hasieran espezie aloktonoz osatutako lursailak ziren lekuetan, pixkanaka bertako zuhaitz eta zuhaixkak hazten ari dira. Zuhaitzak hazten eta basoa egituratzen doan heinean, paisaia ere aldatzen doa.
Hala ere, baso bat berreskuratzea epe luzerako lana da. Oraindik urte asko beharko dira baso heldu bat izateko, baina dagoeneko ikusten ari gara egindako lanaren emaitzak. Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu.
Zuhaitz-espezieen aniztasunak zer dakarkio basoari? Faunan eta floran ere eraginik badu?
Bai, zalantzarik gabe. Zuhaitz eta zuhaixka espezie desberdinak izateak basoaren egitura eta aniztasuna handitzen ditu, eta horrek eragina du bertan bizi diren animalietan eta landareetan.
Faunari dagokionez, espezie bakoitzak elikagai eta babesleku desberdinak eskaintzen ditu. Zuhaitzen fruituak, haziak, loreak eta hostoak hainbat animaliaren elikagai dira. Bestalde, zuhaitz eta zuhaixka desberdinek habiak egiteko, ezkutatzeko edo bizitzeko leku gehiago eskaintzen dituzte. Horrek, pixkanaka, animalia-espezie gehiagorentzat habitat egokiak sortzen laguntzen du, hala nola hegaztientzat, intsektuentzat eta ugaztun txikientzat.
Florari dagokionez ere aldaketak gertatzen dira. Zuhaitz-espezieen aniztasunak eta basoaren egiturak baldintza desberdinak sortzen dituzte lurzoruan, argitasunean eta hezetasunean. Horren ondorioz, baso barruko landare, goroldio eta iratze espezie desberdinak garatzeko aukera sortzen da.
Azken finean, ez da zuhaitzak aldatzea soilik; ekosistema oso bat berreskuratzea da helburua.
Baso autoktonoaren beste onura batzuk ere baditu, ezta?
Baso autoktonoa berreskuratzeak ekar ditzakeen onuren artean, honako hauek azpimarra ditzakegu:
- CO₂-a xurgatzea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzea. ● Lurzorua euriteek eragindako higaduratik babestea.
- Sustraien garapenaren bidez lurzoruaren egonkortasuna hobetzen laguntzea. ● Uraren zikloan eragitea, ura lurzoruan atxikitzen eta hezetasuna erregulatzen lagunduz.
- Animalia- eta landare-espezie ugarirentzako babeslekua eta elikagaiak eskaintzea. ● Ingurumen-kalitatea eta pertsonen ongizatea hobetzea.
Lursailak ere erosi dituzue proiektua gauzatzeko. Horrek ere badu bere garrantzia, herri-lur izaera ematea…
Bai, oso garrantzitsua da. Lursailak erosteak aukera ematen digu erabakiak gure kabuz hartzeko eta basoa berreskuratzeko lanak epe luzera planteatzeko, beste interes batzuen menpe egon gabe.
Gainera, guretzat garrantzitsua da lur horiek herriaren eta naturaren zerbitzura jartzea. Ez dugu soilik basoa landatu nahi; lur horien erabilera eta etorkizuna naturaren kontserbazioari lotuta egotea nahi dugu. Azken finean, gaur egiten dugun lanak etorkizunean ere jarraipena izatea da helburua.
Behin baso berria landatuta, eskertzen al du mendiak, ala zaindu egin behar izaten duzue?
Inguruaren araberakoa izaten da. Lehen urteetan, batez ere, landatutako zuhaitzak zaindu eta gainbegiratu egin behar izaten ditugu.
Zuhaitzak tutu babesleekin babesten ditugu, batetik, orkatzek kalterik egin ez diezaieten; izan ere, orkatzek adarrak zuhaitzen enborren kontra igurtziz azala kaltetu dezakete, eta horrek zuhaitza hiltzea eragin dezake. Bestetik, inguruan sasi asko hazten badira, horiek zuhaitzak estali eta haztea eragotz dezakete.
Horregatik, behar den lekuetan, lehen urteetan desbroze-lanak ere egiten ditugu, zuhaitzek indarra hartu eta altuera jakin batera iritsi arte. Behin tamaina hori lortuta, normalean, arazorik gabe hazten dira eta ez dute hainbesteko zaintzarik behar izaten.
Basoa zenbateraino handitzeko aukera ikusten duzue?
Gure helburua, espezie aloktonoak kentzen diren lursailetan bertako basoa berreskuratzea eta zabaltzea da. Hala ere, lursail guztiak ez daude gure eskura, eta horrek mugatu egiten du, neurri batean, proiektuaren hazkundea.
Gure asmoa, beraz, aukerak sortzen diren heinean lursail berriak eskuratzen joatea da, orain arte egin dugun bezala. Ez dugu muga zehatzik jarri nahi; ahal dugun neurrian, bertako basoa berreskuratzen eta lehendik egindako lana zabaltzen jarraitu nahi dugu.
Babes aldetik, nola zabiltzate? Zenbat bazkide zarete? Eta ekonomikoki?
Gaur egun, 113 bazkidek osatzen dugu elkartea.
Bazkideen kuoten bidez jasotzen ditugun diru-sarrerez gain, beste erakunde publiko zein pribatu batzuen laguntza ekonomikoa ere jasotzen dugu:
- Elgoibarko Udala: landaketetarako eta zuhaitzak erosteko laguntza.
- Caja Rural de Navarra: bi urterako dirulaguntza.
- Alcorta Forging Group: lau urterako laguntza ekonomikoa.
- Bernardo Ecenarro: 4-5 urterako laguntza ekonomikoa.
- Danobat: landaketetarako laguntza.
- Gipuzkoako Foru Aldundia: dirulaguntza.
- Bellota: landaketetarako tresnak.
Besterik nahi baduzue gaineratu…
Landaketez gain, ingurumen-hezkuntzako eta dibulgazio-jarduerei garrantzi handia ematen diegu. Horren adibide garbia da Gure Natura Ezagutzen programa, 2023tik aurrera Morkaiko Mendizale Elkartearekin eta Atxutxiamaikarekin batera antolatzen duguna.
IRTEERA GIDATUAK
- Anfibioak eta narrastiak ezagutzeko irteerak.
- Tximeletak ezagutzeko irteerak.
- Paisaiak ezagutzeko txangoak.
- Zumaiako marearteko fauna eta geologia ezagutzeko irteera.
- Mikologia mundua ezagutzeko irteera eta jarduera.
- Helduentzako mendi-ibilbide gidatuak.
- Hegaztiak ezagutzeko eta habia-kutxak jartzeko irteera.
TAILERRAK
- Landa-koadernoak egiteko tailerrak.
- Saguzar-habiak eta intsektuen hotelak egiteko tailerra.
JARDUERAK ETA EKINTZA KOLEKTIBOAK
- Haziak biltzeko jarduerak.
- Auzolana Sargoaten eta Lizagasarren.
BEHAKETA-SAIOAK
- Gaueko zerua behatzeko saioak. KULTURA ETA DIBULGAZIOA
- Naturarekin lotutako filmen proiekzioak.