Adinak ez diela amets egiteko eta gauza berriak egiteko ilusiorik kendu erakutsi dute Txitxibilaldikoek Eibarren

Ainara Argoitia Arano

Txitxibilaldia taldekoak eta saiora batu zirenetako batzuk, atzo, Armeria Eskolan. Arg.: Lagatakoa

Erretiro aurreko etapan edota erretiroan dauden 55 urtetik gorakoak elkartzeko sortutako Debabarreneko Esperientzia Eskolak eskatuta, Eibarko Armeria Eskolan izan ziren atzo Txitxibilaldiak taldekoak beren proiektua aurkezten. Arrate Zubiak eta Izaskun eta Mari Jose Estibaritz ahizpek eman zituzten azalpenak taldekideen izenean, eta beren ibilaldietako bideoak ere proiektatu zituzten. Izaskun Estibaritzek aurreratu duenez, otsaila aldera gauza bera egin asmo dute Elgoibarren, Berdintasun Sailak lagunduta.

 

 

Nolabaiteko kezka kultural eta sozialak dauzkatenak eta lanean ari zirenean egin ezin izan zituzten jarduerak egiteko eta garatzeko gogoa duten adineko pertsonak elkartzeko sortu zuten Esperientzia Eskola, baina beste helburu bat ere bazuen eskolak sortzetik bertatik: ekimen, ideia eta "proiektu onuragarriak" banaka nahiz taldean aurkeztuz gizartean modu aktiboan eragitea. Eta helburu horiei guztiei erantzuten die Txitxibilaldiak taldeak. Emakumeek ere aisialdirako eta kirolerako eskubidea zutela aldarrikatzeko elkartu ziren duela 42 bat urte, kirola gizonen curriculumeko kontua baino ez zenean, eta 2006ko urriaren 26an eman zioten Txitxibilaldiak izena taldeari, Lourdes Zubiaurre Txitxi lagunaren omenez.

Geroztik gelditu ere egin gabe dabiltza mendian, hasierako ilusio berberarekin "edo handiagoarekin". "Adinean aurrera goaz, eta sortzen dira zailtasunak, baina esan nahi duguna da adinak ez duela gure ilusiorik zapuztu. Izugarri gozatzen dugu gure irteeretan. Pentsa genezakeen, beharbada, daukagun adinera iritsita ez ginela hainbeste izango taldean, baina kontrakoa da: gure taldea hazten ari da", esan du Izaskun Estibaritzek. Azaldu duenez hogei bat lagun joan ziren atzo Eibarrera Elgoibartik, eta beste hogeita hamarren bat batu zitzaizkien han. "Esan ziguten gaztelaniazko saioetara jende gehiago elkartzen dela, baina guk garbi geneukan euskaraz egin nahi genuela eta hala egin genuen. Aretoa handia zen, baina erdia inguru bete genuen eta oso-oso gustura egon ginen. Handik ere ilusioz gainezka itzuli gara", gehitu du.