Noiz hasi zineten landaketekin? Zergatik?
Elkartea 2020ko maiatzean sortu genuen Sagar Errekan egin ziren matarrasa bortitzen eta ondoren egin ziren eukalipto landaketak ikusita, Bizkaiko egoera larria gure bailaran errepikatu zitekeen beldurra genuen. Askotan basogintzak inertziarekin funtzionatzen du, alboko baso jabeak eukaliptoa sartzen badu, ba zergatik nik ez? Eta alderantziz, albokoak bertako basoarengatik apustu egiten badu agian nik ere egingo dut. Zentzu horretan elkarte bat sortzea erabaki genuen, Soraluze eta inguruko mendietan eragina izan zezan bertako basoak berreskuratzeko eta exotiken landaketak gutxitzeko. Lehenengo landaketa 2020eko neguan egin genuen.
Zenbat zuhaitz landatu dituzue harrezkero?
Aurtengoa 6. denboraldia izango da eta orain arte 7.086 zuhaitz landatu ditugu 21 espezietakoak. Landaketak Soraluzeko auzo gehienetan egin ditugu, Ezozikoa falta zaigu estreinatzeko, ia norbait animatzen den lurrak uzten.
Bertako zein zuhaitz landatu dituzue eta zergatik?
Zenbait lur sailetan ez da beharrezkoa zuhaitzak landatzea, edo ezinezkoa da berez datorren landaredia oso indartsua delako, leku askotan metro karratuko bertako 4 zuhaitz jaiotzen dira berez, hor ez dauka zentzurik landatzeak. Degradatutako beste zenbait lekutan, edo matarrasak egin berri direnean, kasu horietan bai landatzen ditugula zuhaitzak.
Normalean zuhaitzen erdia haritza izan ohi da eta beste erdia beste espezie batzuk, baso anitzak sustatzea bilatzen dugu, bertako baso misto atlantikoa. Hor dauzkagu, urritza, lizarra, urkia, astigarra, zumarra, ezkia, gorostia, basarana, gurbeak, gereziondoak, pagoak, gaztainondoak, makatzak, etb. Gure basoak sekulako aniztasuna dauka.
Landatzearen helburu nagusia beraz, espezie aniztasuna areagotzea da eta baita inguruan falta diren baina egon beharko lirakeen espezieak berriro agerraraztea, adibidez: otsolizarra (Sorbus aria), sagarmina (Malus silvestrys) edo hagina (taxus baccata).
Sei urteren ondoren aldaketa begi-bistakoa da, ezta?
Bai, mendira begiratzea besterik ez dago, duela 20 urteko paisaiarekin konparatzen badugu, ikusi daiteke, udazkena bueltan dela; kolore aniztasuna nabaria da. Kontuan hartu behar dugu 2000 urte inguruan Soraluzeko paisaiaren azaleran %80 Radiata pinua zela. Kolore bakarra zuen mendiak. Gaur egun aniztasuna asko handitu da eta bertoko basoaren eta kanpoko espezieekin egindako landaketen portzentajea dezente orekatu da.
Esan daiteke Soraluzeko Baso Biziakek izan duela eragina aldaketa honetan, tendentzia aldatzeko pizgarri bat izan gara, eta mendian bertan ere lan asko egin dugu lurrak erosten eta zuhaitzak landatzen. Baina batez ere, bertako basoaren bilakaera positiboa izateren eragile nagusia, bertako basoaren eta bioaniztasunaren alde jarduteko lur jabeek hartu duten erabakia da.
Eta zein bestelako eragin izaten du?
Ez daukagu datu zehatzik faunan eta floran aldaketa honek izan duen eraginarekin, ez gara biologoak, baina bistakoa da bertako baso mistoa garatzeak onurak ekarriko dituela mendien egoera ekologikoan. Espezie aniztasunaz gain oso garrantzitsua da baso helduak edukitzea, zuhaitz zaharrak, hauek baitira espezie askoren gordeleku eta kumaleku, hemen daukagu eginbeharra, denbora behar da ganorazko baso bat garatu dadin, gutxienez 80 urte.
Gaur egun Soraluzen ditugun baso asko gazteak dira, garapen urrikoak, horregaitik dago hainbeste sastraka eta zuhaixka, baina denborarekin joango dira estrukturak egonkortzen eta baso ederrak sortuko dira ondorengoentzat.
Bioaniztasunaz gain bertako baso helduek onura asko ekartzen dizkigute: ura gorde eta babesten dute, lurra erosiarengandik babesten dute, aisialdirako guneak dira, beroaren babesleku eta klima erregulatzaileak dira, egurra eta onddoak ematen dizkigute, asko dira onurak egur merkeaz haratago.
Lursailak ere erosi dituzue hau guztiau gauzatzeko; horrek ere badu bere garrantzia, ezta? Herri-lur izaera ematea? Eta lurraren zaintza akordioak?
54 hektarea “kudeatzen” ditugu. 31 hektarea jabetzan. 23 zaintza hitzarmenen bidez. Zaintza akordioak lur jabeekin sinatzen dira, bertan landaketak egiten dira ugazabarentzat kostu ekonomikorik gabe eta trukean honek zenbait urtetan sail horretan esku hartzerik egingo ez duenaren konpromezua hartzen du.
Gure jabetzan dauden lurren erosketak elkarteko bazkideen diruarekin egiten ditugu eta etorkizun batean herri lurrak izango dira. Gurea ekimen zibila eta komunitarioa da eta erabiltzen den diru guztia herriari bueltatuko zaio azken finean, herri-lur modura. Azken helburua Soraluze bizigarriago bat eraikitzea da, bertako basoa sustatuz eta bioaniztasuna hobetuz.
Behin baso berria landatuta, eskerronekoa da mendia ala zaindu egin behar izaten duzue?
Kontuan eduki behar da guk sustatzen dugun basoa ez dela produkziorako, ez dauka inbertsio eta irabazien logikarik, beraz galdetu beharko litzake zer den basoa zaintzea logika ekonomikorik ez duen baso baten. Desbrozeek eta bakanketek zentzua dute egur produkziorako ez den baso baten? Eman buelta bat kontu honi. Mendiko lanak gainera oso garestiak dira, guri berdin zaigu baso bat 60 urtetan edo 80 urtean garatzea, ez daukagu ezer kobratzeko moztean. Ez daukagu presarik.
Inguru hauetan baso naturalak sekulako gaitasuna du garatzeko, orokorrean ez da behar esku hartzerik, naturarentzat basorik onena berez datorrena da. Hala ere badira leku eta kasu batzuk esku hartzeak egin behar izaten direnak; batzuetan landaketak eta zuhaitzen mantentze lanak egin behar dira. Batez ere beste jabe batekin zaintza akordioak egiten direnean. Beste arazo handi bat exotika inbaditzaileena da, hemen ere esku-hartzeak egin behar dira.
Basoa zenbateraino handitzeko aukera ikusten duzue?
Zuhaiztien azalera nahiko handia da Soraluzen, behar duguna da zuhaizti horiek bertako espezieez osatuak egotea, eta basoa askotarikoa eta helduagoa izatea. Bestalde zelaiak ere behar dira, labore lurrak behar dira eta baita hazkunde azkarreko zuhaitzen landaketak ere, pinuak adibidez. Baina uste dugu gauzek oreka behar dutela, eta uste dugu jendea konturatu dela ez dela normala baso azaleraren %80a kanpoko espezie bakar batek osatzea.
Ibaiarekin egin zen bezala, orain basoak berreskuratu eta sendatzeko garaia heldu da, horretan gabiltza eta ondorioak begi bistakoak dira.
Babes aldetik zelan zabiltzate? Ekonomikoki? Laguntzaile aldetik?
105 bazkide gara, bakoitzak 60 euro urtean jartzen dugu. Ekonomikoki eta babes aldetik ondo ibili gara beti, Udalak eta alderdi guztiek lagundu izan digute, baita herritarrek ere. Boluntario talde leiala daukagu. Zenbait enpresek eta erakundek ere laguntzen digute, gure finantzaketaren %90a pribatua da.