Mallabiko Mendizaleek gonbita egin diote Artarrairi

Ander Gomez

Mallabiko Mendizaleak ekimena Artarraik apirilean egindako ibilaldi zirkular baten ostean sortu zen. Irailetik hona, irteerak antolatu dituzte ia domekero, eta oraingoan, Ermuko mendi-taldeko kideak gonbidatu dituzte batzera.

Gaztelumendi eta Sarrimendi tontorretara igoko dira domeka honetan, azaroak 22. San Juan de Zengotitan hasiko dute bidea, 09:30ean, eta 12 kilometroko ibilbidea osatuko dute, 520 metroko desnibel positiboarekin. Antolatzaileen arabera, zailtasun ertaineko txangoa da, eta hiru ordu eta erdi inguru iraungo du.

Zengotitatik Okara jaitsiko dira, lehenik, Trabakuako bide zaharretik, eta handik Gaztelumendira igoko dira. Ondoren, Andikoara jaitsiko dira, eta Mari leizetik igarota helduko dira Sarrimendira. Azken tontorrera mendilerroko gandorretik ailegatuko dira. Itzuleran, San Kristobal Txikira joan eta Betzuenera helduko dira. Handik, Oka erreka zeharkatzen duen pistatik Zengotitara bueltatuko dira.

Interesa dutenek 669 02 87 18  zenbakira whatsapp mezu bat idatzita eman dezakete izena.