Tagzania joko geografikoa atera du Eibarko CodeSyntax enpresak

Egoitz Unamuno 2025eko abenduaren 19a

Tagzania jokoaren promozio irudia.

Egunean Behin euskarazko app arrakatatsuenaren eredua, geografia joko batean aplikatu dute eta sortu dute Tagzania. Aplikazioa udaberrian kaleratu zuten baina eten baten ostean berrireki dute Google-rekiko dependentzia batzuk murriztuta eta azpiegitura berrindartuta. Oinarri libreetan berrireki ere, Wikipediako argazkiak eta OpenStreetMap-eko mapak txertatuta eta funtzio berriak gehituta.

Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa-jokoen antza du Tagzaniak baina badu berezitasun bat, mekanika eguneroko erronka sinple batera ekarri duela: bi toki identifikatu behar dira egunero, eta bat Euskal Herrikoa izango da beti. Tokiak irudi sorta batekin erakusten dira, eta mapa batean kokapena asmatzea da koxka. Puntuak lortzen dira segun gertutasuna eta azkartasuna, eta horrekin sailkapenak osatzen dira (egunekoa, astekoa eta hilabetekoa), orokorki zein taldeka. 

Tagzania prest dago iOS eta Android-erako. Eskuratu hemen: Tagzania.com webgunean.

Debabarreneko bazterrak

Azken asteotan, abenduko lantzamendua prestatzen, CodeSyntax-eko garatzaileak inguru hurbilean ibili dira toki aurkikuntza eta gehikuntza testeatzen, jokoa doitzeko. Eibarko Azitain poligonoko bulegotik irten eta... Hain zuzen, jokoan Debabarreneko bazterrak topatzea oso probablea da.

Jokoaren berrirekiera

Aurtengo martxoan kaleratu zen lehen bertsioa eta bi egunetan 10.000 erabiltzailetara iritsi zen. Tamalez, erabilpen karga horrek arazoak sortu zituen eta berplanteamendu bat egiteko eten bat behar izan zuten CodeSyntax-ekoek. Orain, garapen berriekin itzuli da Tagzania, Googleren zerbitzuekiko (Street View eta Google Maps) morrontza gainetik kenduta, eta horien ordez baliabide libreak integratuz app-ean: Wikipediako irudiak (zehazki Wikimedia Commons biltegikoak, kasu bakoitzean egileari aitortza eginez), eta OpenStreetMap-eko kartografia, euskarazko mapekin.

Berrirekiera honetan, gainera, jokoak aukera gehigarria du. Jokalariek euren toki propioak proposa ditzakete, jokoan integratu daitezen. Argazkiak in-situ egin daitezke aplikazioaren bidez irudi geokokatuak erabiliz, eta onartutako tokien estatistikak ere jasoko dituzte ekarpenak egiten dituztenek: zenbat ikuskapen dituen zure tokiak, eta asmatze estatistikak.

Tagzania, aspaldiko marka

App berriaren Tagzania izena ezaguna suerta daiteke batzuentzat, 2005. urtean martxan jarri zen mashup 2.0 proiektu bat izan baitzen. Erabiltzaileek mapa batean nork bere erreferentziak gordetzeko webgune bat izan zen, CodeSyntax-ek sortua, tag edo etiketetan oinarritua (web 2.0 aroko beste kontzeptu ezagun bat izan zen tag edo folksonomiena).

Milaka erabiltzaile erregistratu eta zenbait hizkuntza bertsio izatera iritsi zen Tagzania; baina Google Maps zerbitzuak, beste mashup batzuen kasuan bezala, bere gain hartu zituen beste batzuek egindako funtzionalitateak eta, are gehiago, Internet mugikorraren garapenak webgunearen erabilgarritasuna gutxitu zuen. Azkenean, 2020an itxi zen Tagzania hura… Orain ordea beste kontzeptu eta zerbitzu batekin berpiztu da izena.

Joko garapen ugari

CodeSyntax-ek joko garapenean egindako azken adibidea da hau. Egunean Behin da proiektu ezagunena (sei urte bete ditu 2025ean, eta 55.000 erabiltzaile izan ditu azken denboraldian), baina bezeroentzat ere egin ditu joko mugikorrak azken urteetan. Horien artean daude: Mihiluze aplikazioa EITBrentzat, Gurot Bizkaiko udal euskara zerbitzuentzat, edo Appa Hi!, hitanoan trebatzeko gamifikazio elementuak dituen app-a, Badihardugu euskara elkartearentzat.