Eibarko Udaleko ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera, aurkeztu dituzte gaur goizean Coliseo Antzokian, Eibarko 49. Antzerki Jardunaldiak, Debabarreneko eta EAEko urteko hitzordu kultural garrantzitsuenetakoa bat. Aurtengo edizioak, 50. urteurrenaren atarian, askotariko antzerki obren eskaintza aberatsa dakar.
Urtarrilaren 23tik martxoaren 27ra bitartean, 23 antzerki konpainiak formato eta tematika ezberdineko 27 obra eskainiko dituzte, publiko mota guztiengana iristeko helburuarekin. Obra horietako bi kalean eskainiko dituzte eta gainerako hogeitabostak Coliseo Antzokian eta Uniko aretoan.
Konpainien jatorriari dagokionez, aurten, Madril, Valentzia, Gaztela-Mantxa, Galizia, Extremadura eta Andaluziako konpainiak izango dira Eibarren baina euskal konpainiek eta euskarazko antzezlanek ere pisu nabarmena izango dute jardunaldietan. Guztira, bederatzi dira euskaraz eskainiko diren antzezlanak.
Imanol Arias gonbidatu nagusi eta programazioaren harribitxiak
Jardunaldiak otsailaren 9an hasiko dira ohiko solasaldiarekin. Aurten, Imanol Arias aktorea izango da protagonista Coliseoan eta “La casa” kontzeptuaren inguruan jardungo du. Otsailaren 10ean eta 11n, berriz, aktore ermuarra taula gainera igoko da Mejor no decirlo komedia eskainiko baitu Maria Barranco aktorearekin batera, komunikazioaren eta sekretuen ingurukoa.
Handik astebetera, otsailaren 18an ikusi ahalko da Kandida Tartean konpainiaren antzezlan berria, tragikomedia, Patxo Telleria, Miren Gaztañaga, Miren Mazo eta Mikel Martinez euskal aktoreen eskutik. Era berean, nabarmentzekoa da Artedrama-ren Nor naizen baneki dramazko antzezlana ere, otsailaren 24an taularatuko dena, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs-en gidoiarekin. Izango dira familia osoarentzako emanaldiak ere, Markeliñe konpainiaren Hodei Guztien gainetik eta poesia eta humorea uztartzen dituen Gloria Fuertesi buruzko clown ikuskizuna A la gloria con Gloria Fuertes Albaceteko Teatro de Malta konpainiaren eskutik. Kontsultatu jardunaldien programazio osoa liburuxkan edo Eibarko Udalaren webguneko agendan.
Agertoki nagusiak, ohiko moduan, Coliseo Antzokia eta Uni-Eibar eraikineko aretoa izango dira.
Sarrerak salgai
Jose Luis Fernandez Poxpolo kultur teknikariak jakinarazi duenez, aurtengo jaialdiak 222.000 euroko aurrekontua izango du eta aurreikusitako diru-sarreren %30 inguru sarreren salmentatik eskuratzea aurreikusten dute. Poxpolok bailara osoko herritarrak animatu ditu hurreratu daitezen Eibarrera antzerkia ikustera. Sarrerak urtarrilaren 24tik aurrera jarriko dituzte salgai online, goizeko 10etatik aurrera, Kutxabankek sarrerak saltzeko duen webgunean. Sarrera fisikoak, berriz, urtarrilaren 26tik aurrera, astelehen eta ostiraletan, 17:30-19:30 bitartean, Coliseoko lehiatilan.
Baroja Colleten diseinua
Aurtengo edizioko kartela Jose Luis Baroja Collet eskulturgile eta artistak diseinatu du. Debako artistak hainbat elementu ezberdin irudikatu ditu itsasontzi itxura duen objetu baten gainean herdoildutako burdin kolorea eta irudien sinbolismoa uztartuz.