XV. Ikasenpresa Azokak 3.000 ikasle batuko ditu Eibarren

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko urtarrilaren 27a

Ergiña Urzelai (ITLENTeko Kultura Ekintzaileko Saila), Inge Gorostiaga (Jaurlaritzako Hezkuntza Saila) eta Jon Iraola (Eibarko alkatea) eta programako ikasleen ordezkaritza atzo Eibarko udalean egindako aurkezpenean.

Datorren otsailaren 5ean, XV. Ikasenpresa Azoka ospatuko da Eibarrren. Aurten, ekimenak jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena emango du, parte-hartzea bikoiztu egingo baita aurreko edizioekin alderatuta.

Otsailaren 5ean, XV. Ikasenpresa Azokan Euskadiko Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako (31 publiko eta 30 itundu) 3.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte. Ikasturtean zehar, 190 irakasleren laguntzarekin, 622 proiektu ekintzaile garatu dituzte, eta horiek guztiak herritarren aurrean aurkeztuko dituzte.

Benetako produktu eta zerbitzuak

Ikasenpresa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako programa da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzea helburu duena: "erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren bidez, ikasleek beren ideiak ingurune praktiko eta errealista batean kudeatzen dituzte".

Hezkuntzaren ikuspegitik egitasmoa "enpresa-simulazio bat" bada ere, azokan erakutsiko diren produktu eta zerbitzuak "benetakoak" dira. Proiektuak sektore profesional zehatzei lotuta daude eta "egungo behar sozial, teknologiko zein produktiboei erantzuteko jaio dira, pertsonen bizi-kalitatea eta ingurunearen ongizatea hobetzeko asmoz".

Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azpimarratu dutenez, azoka hau prestakuntza prozesuaren "unerik gorena" da, non ikasleek ingurune praktiko eta errealista batean erakutsi dezaketen beren balioa.

Karpa tematikoak eta gune berriak

Aurtengo edizioak berrikuntza garrantzitsuak dakarzka antolakuntzan. Azoka hiriko hiru gunetan banatuko da: Unzaga, Txaltxa-Zelai eta Errebal Plazia. Bertan, lau karpa tematiko egokituko dira proiektuak eremu profesionalaren arabera sailkatzeko: Industria eta fabrikazio aurreratua, Digitalizazioa eta konektibitatea, Merkataritza eta mugikortasuna, Ongizatea.