Tortura “aitortu eta erreparatu beharreko zauri bizia” da oraindik

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 16a

Zapatuan Eibarren egindako topaketa jendez beteta. Argazkia: EHTS.

Zapatuan, tortura pairatu duten 500 lagun baino gehiago elkartu ziren Eibarko Ingeniaritza Eskolan. Euskal Herriko Torturatuen Sareak deituta, azpimarratu zuten “ezinbesteko” ikusten dutela “torturatuendako aitortza ofizial eta kolektiborako lege berritu bat (…) Tortura ez delako iraganeko kontu bat, aitortu eta erreparatu beharreko zauri bizi bat baizik”. Gogora ekarri zuten 5.000 tortura kasu baino gehiago dokumentatuta daudela eta uste dute “erantzukizun politikoak hartzeko garaia” dela.

Zapatuan, torturatuak izan diren ehunka lagun elkartu ziren Eibarko Ingeniaritza Eskolan, 500 baino gehiago, topaketaren deitzaile Euskal Herriko Torturatuen Sarearen esanetan. Joxe Arregi torturapean erail zutenetik 45 urte bete zireneko testuinguruan egin zuten topaketa, Torturaren Aurkako Egunaren baitan

Amaieran, agerraldi publikoa egin zuten; gogorarazi zuten Euskal Herrian “5.000 tortura kasutik gora dokumentatu” direla “ikerketa ezberdinen bidez”. Eta aldarrikatu zuten horiei guztiei, “aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak eskaini” behar zaizkiela, “bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua baita hori”.

Legearen epealdia zabaldu

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari eskaera zehatzak egin zizkieten.

Eusko Jaurlaritzarin kasuan, hari eskari eta jakinarazpen bana egin zizkioten. Batetik, eskatu zioten berritu dezala estatuko biktimen aitortzarako EAEko legea, “epealdia zabaldu eta aitortza eta erreparazio mekanismo integral bat bermatzeko beharrezko ekinbideak eta adostasun politikoak” sustatu ditzala.

Bestetik, jakinarazi zioten “torturatuen eskariari erantzun” egin behar zaiola sufritutako ankerkeria agerian uzteko asmoz: “Bildu ditzakegun aitortza eskaera guztiak Eusko Jaurlaritzan erregistratuko ditugu. 1960tik-2014ra, euskal gatazkarekin lotura duen azken tortura kasura arte, alegia. Eta eskaera hauek guztiak, Egiari Zor Fundazioaren bidez erregistratuko ditugula jakinarazten diogu”.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, berriz, 1960tik 2011ra bitarteko kasuak “aitortuak izaten ari” direla kontuan hartuta, eskatu zioten “frankismoaz eta trantsizioaz harago ere ehunka herritarri tortura aplikatu zitzaiela aitortu dezala, dagozkion ardurak bere gain hartuz”.

Erantzukizun eskea

Eta oro har, mahai gaineratu zuten tortura oraindik “aitortu eta erreparatu beharreko zauri bizi bat” dela eta adierazi zuten badela “erantzukizun publikoak” hartzeko ordua, “tortura publikoaren aplikazioan egondako inpunitatearekin amaitzeko” ordua. “Gure bizipen mingarri bakoitzari izaera ofiziala emateko beharra dago. Pairatu genuen estatuaren indarkeria ezin da ikusezin bihurtu”.