Nahi ez den bakardadea, ariketa fisikoa, buruko gaitzak dituzten pertsonen inklusioa, gazteen buru osasuna, teknoadikzioak, elikadura jasangarria eta berdintasuna Eibarko Errebal Merkatura eramango ditu hilaren 26 eta 27an Ongizatearen Plazak. Horrela, goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek, pertsona orok ongi egoteko eta ongi sentitzeko funtsezkoak diren gaiak ardatza hartuta.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da”, azaldu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen eibartarrak hil honetako azken ostegun eta ostiralean Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Izan ere, gogoratu duenez, herritarroi eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, pobreziaren kronifikazioa” eta abar.
“Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia. Ongizatearen Plazaren bitartez, gai horien guztien inguruko dialogoa eta partaidetza sustatu nahi dugu”, nabarmendu du Mendozak. Hilaren 26 eta 27an egongo da Ongizatearen Plaza Eibarren. Plaza irekia da, herriko hainbat elkarte eta eragileren laguntzarekin antolatu dena. Adin guztietarako pentsatutako jarduerak izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.
Irekitzeko, Adinberrirekin saioa
Hilaren 26an, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatuko da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskainiko du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartuko du parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, nahi ez den bakardadea izango dugu mintzagai, Ados Teatroak gaiaren inguruan ekoiztutako filme laburren bitartez. J.A. Vitoriaren (Ados Teatroa), protagonistetako baten eta, UNTZAGA Eibarko jubilatuen elkartearen arteko solasaldiak borobilduko du ekintza hori.
Ostegun arratsaldean, berriz, 17:00etatik 18:00etara buru osasunaren inguruko podcasta grabatuko du zuzenean Why Not Fundazioak. Desgaitasun intelektuala eta buruko gaitzak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, besteak beste, Eibar Genuine taldeko kideekin. Ondoren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren bueltan ariko dira Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, San Andres egoitzako zuzendari Mariam Ourdi El Alaoui, EITBko kirol kazetari Ana Ramos, Maite Aperribay ekintzailea eta Eibar Clubeko presidente Amaia Gorostiza, Eibarren bilakaeran emakume ahaldunduek izan duten eta duten garrantziaren inguruan solasean.
Ostiralean, berriz, gazteen ongizateak hartuko du plaza 10:00etatik aurrera, Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioan, zeinetan aztergai izango diren sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioa... gazteen euren arteko eztabaida eta testigantzaren bitartez. 11:30ean Jakoba Errekondo agroekologian adituak hartuko die lekukoa; Debabarrenako bi nekazarirekin –Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegiko Ander Urkia– batera, elikadura jasangarriaren garrantziaz arituko dira.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa antolatuko du Altxa Burua elkarteak. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. Azkenik, Ongizatearen Plaza ixteko, 19:00etatik 19:30era Kantu Jira saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.