Gaur, goizean abiatu dira Ongizatearen Plaza jardunaldiak Eibarko Errebal plazan: 10:00etan, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskainiko du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartuko du parte. Ondoren, 11:30etik aurrera, nahi ez den bakardadea izango dugu mintzagai, Ados Teatroak gaiaren inguruan ekoiztutako filme laburren bitartez. J.A. Vitoriaren (Ados Teatroa), protagonistetako baten eta, UNTZAGA Eibarko jubilatuen elkartearen arteko solasaldiak borobilduko du ekintza hori.
Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 18:00etara buru osasunaren inguruko podcasta grabatuko du zuzenean Why Not Fundazioak. Desgaitasun intelektuala eta buruko gaitzak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, besteak beste, Eibar Genuine taldeko kideekin. Ondoren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren bueltan ariko dira Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, San Andres egoitzako zuzendari Mariam Ourdi El Alaoui, EITBko kirol kazetari Ana Ramos, Maite Aperribay ekintzailea eta Eibar Clubeko presidente Amaia Gorostiza, Eibarren bilakaeran emakume ahaldunduek izan duten eta duten garrantziaren inguruan solasean.
Bihar Jakoba Errekondo agroekologian aditua
Bihar, berriz, gazteen ongizateak hartuko du plaza 10:00etatik aurrera, Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioan, zeinetan aztergai izango diren sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioa... gazteen euren arteko eztabaida eta testigantzaren bitartez. 11:30ean Jakoba Errekondo agroekologian adituak hartuko die lekukoa; Debabarrenako bi nekazarirekin –Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegiko Ander Urkia– batera, elikadura jasangarriaren garrantziaz arituko dira.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa antolatuko du Altxa Burua elkarteak. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. Azkenik, Ongizatearen Plaza ixteko, 19:00etatik 19:30era Kantu Jira saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.
Ikus gaurko eta biharko egitarau osoa agendan.