Paul Seixas (Decathlon) txirrindulari frantziarrak Itzuliko bere hirugarren etapa irabazi du gaur, Eibarren. Ixuan gora, helmugarako hogeita hamarren bat kilometro falta zirela, jo du erasoa Florian Lipowitzekin (Red Bull) batera, eta esprinean erabaki da azkenean lasterketa. Eibarren hasi eta bukatu den bosgarren etapa aurtengo Itzuliko etaparik gogorrena izan da. 176,2 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek, eta 3.841 metroko desnibel positiboa gainditu. Zortzi mendate igo dituzte: Azurki, Krabelin eta Ixua lehen mailakoak, eta Elkorrieta, Etumeta, Kalbario, Trabakua eta Urkaregi hirugarren mailakoak, eta horri guzti horri gehitu gaur egin duen bero handia.
4:30:03ko denboran osatu dute Seixasek eta Lipowitzek gaurko etapa, eta minutu eskasera sartu da helmugan Javier Romo (Movistar). Erorikoa izan du Romok Ixuan, atzetik aurrera egin eta Seixas eta Lipowitz harrapatu berritan hain zuzen ere, eta etapa lehiatzetik kanpo laga du horrek, berehala jaiki bada ere. Gainerako faboritoek, tartean Primoz Roglic (Red Bull) eta Ion Izagirre (Cofidis), minutu eta hamaika segundora helmugaratu dira, bederatzi bat laguneko taldean. Talde horretan sartu da Pello Bilbao (Bahrain Victorious) bera ere.
Sailkapen nagusian, bi euskaldun daude lehenengo hamarren artean: Ion Izagirre, laugarren postuan, 3:50era, eta Pello Bilbao, bederatzigarren postuan, 5:03ra.
Itzulia bihar bukatuko da, Bergaran. Etapa laburragoa izango da biharkoa, baina gogorra hala ere. 3.000 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute bihar sei mendate igota: bigarren mailako Elosu mendatea igoko dute birritan, eta hirugarren mailako Asentzio eta Azkarate mendateak ere bai, bina aldiz. Eguraldiak ere okerrera egingo duela iragarri dute biharko, beraz, ikuskizunik ez da faltako bihar ere. Antzuolan hasiko dute etapa, eta Bergaran amaitu.
Gaurko etapako argazki batzuk jarraian: Deban Martin Loresek egindakoak, eta Elkorretan eta Kalbarioko gainean Ainara Argoitiak ateratakoak.
Azken etaparen faltan honela gelditu da gaur sailkapen nagusia:
1. Paul Seixaz (DCT) 16:33:45
2. Florian Lipowitz (RBH) +2:30
3. Primoz Roglic (RBH) +3:40
4. Ion Izagirre (COF) +3:50
5. Alex Baudin (EFE) +4:12
6. Harold Tejada (XAT) +4:29
7. Cian Vijtdebroeks (MOV) +4:42
8. Clement Champossin (XAT) +4:43
9. Pello Bilbao (TBV) +5:03
10. Javier Romo (MOV) +5:05