Steckel kultuko artista bihurtu da nazioarteko gitarra-jotzaileen artean; 35 urte soilik dituen arren, 25 urte daramatza dagoeneko eszenatoki gainean. Hamabi urterekin John Mayallekin batera jotzen hasi zenetik, bere ibilbidean 12 disko kaleratu ditu eta mundu osoko birak egin ditu Steve Vai, Gregg Allman edo Ray Charles bezalako izarrekin. 2024an historiako 100 blues gitarrista onenen artean izendatu zuen Total Guitar aldizkariak.
Kontzertuaren antolatzaile den Gaztelupeko Hotsak disketxeak jakinarazi duenez, domeka arratsaldean Eibarko Coliseon eskainiko duen emanaldian "Sandstorm" bere estudioko album berria aurkeztuko du, "riff indartsuz eta solo biziz betetako lana". "Dan Malschek (Ghost edo Gojirarekin aritutakoa) ekoitzitako disko honek hard rock eta blues-rock nahasketa gupidagabea dakar, Clapton, Gary Moore edo Hendrixen eragin argiarekin". Kontzertua Europan hasten den 2026ko mundu biraren hasiera ofizialaren parte izango da.